INFO

Steve Banon, Trumpen estratega ohia: AEBetako Ikaroren igoera eta erorketa

Zerutik infernura, Etxe Zuritik kale gorrira, Donald Trump gidatu eta lehendakaritzara eraman zuen «jenio» politikoa desgrazia betean erori da. Egoa puztu-puztuta, Trumpen politikaren eta purutasunaren zaindaria zela sinetsita, borroka gehiegitan sartu eta azkenean ederto adarkatuta irten da hemezortzi hilabeteko ibilbidetik.


Steve Bannonen ibilbideak Greziako Ikaroren mitoarenarekin antz handia dauka. Ikaroren kondairak hegal egiteko hegoak lortu zituen mutil gazte baten istorioa kontatzen du. Bere aitaren ohartarazpenei jaramonik egin gabe, zeruan gora eta gora, altuegi hegal egiteagatik, eguzkiak hegoak urtu eta zerutik behera erorita hil zen. Bannonek, agian leku eta denbora aproposean zegoelako, zerua asaltatu zuen, arrakasta itzela lortuz: Trumpen kanpainaren ardura 2016an hartuta, hilabete batzuetan Etxe Zuriraino eraman zuen. Presidentearen estrategia buru eta kontseilari goren izendatu zuten, eta egoa puztu-puztuta, bataila guztiak irabazi zitzakeela sinetsita, hemezortzi hilabete eta gero, nork salbatuko izan gabe, erori egin da, zorigaitz politiko betean.

Nola gertatu da, baina, AEBetako Ikaro honen erorketa? Nola da posible duela gutxi arte anbizioz beteriko “jenio” politikoa zena, Makiavelo bera baino azkarragoa omen zena, orain inork alboan nahi ez duen aingeru eroria bihurtzea? Steve Bannonen atzean zer dagoen arakatu behar da galdera horiei erantzuna emateko.

Virginiako Richmond hiri ondoko herrixka batean sortu zen Bannon, Kennedy dinastia demokrataren aldeko irlandar jatorriko familia katoliko batean. Fraile eskolan barneko ikasle izanik, apenas izan zuen gaztaroan orduko AEBetan pil-pilean zeuden mugimendu hippy eta kultrakulturalekin harremanik. Armadan zazpi urtez ibilia, bere hitzetan Jimmy Carter presidenteak Irango enbaxadaren krisiari emaniko erantzun ahulak alarmatuta, posizio kontserbadore ultrak besarkatu zituen. Armada utzi eta Harvard Business School prestigiotsuan graduatu zen, eta, gero, Goldman Sachs inbertsio eta baloreen bankuan enplegatu izatera pasa zen. Hong Kongen eta Hollywooden arrakasta izan ez zuten negozioetan aritu ondoren, espektakuluaren business-ean zuen esperientzia apurra aprobetxatuz, Sarah Pallinek bultzatutako Tea Party kontserbadorearen propagandista izatera pasa zen.

Ordurako, nabarmentzen hasia zen bere “talentua”. Ezkerra eta eskuina, demokratak eta errepublikanoak, asaldatzeko zuen berezko “talentua”. Eta “talentu” horren ahalmen guztiak plazara atera zituen Breibart News berri plataforma digitalaren kontseilari orokorra izatera pasa zenean.

Bi ideia: «Fuck you» eta «War»

“Trumpen agentzia zentrala” bihurtu zen Breibart News, Alt-right mugimendu populista eta supremazistaren gotorleku eta palanka. Politikoki hitz eginda, pirañen armada bat sortu zuen eta haragia, odola, sumatzen zuen aldiro oldarkor erasotzen zuen. Breibart News plataformak jomugan hartutako figura politikoek gaizki pasatzen zuten benetan, beren bizitza aldatu behar izateraino.

Andrew Breitbart, 2012an zendutako Breitbart News plataformaren sortzaileak, bi ideia edo bi goiburu zituen: “fuck you” eta “war”. Lehena, “fuck you” (izorra hadi): izorratu daitezela demokratak eta errepublikanoak, komunikabide korporatiboak, gay, feminista eta etorkinak, utikan zuzentasun politiko oro! Eta, bigarrenik, “war” (gerra): ez gezi eta ezpatekin egiten dena, baizik eta izpirituen gerra, gerra kulturala, deabru gaizkileen aurkakoa. Finean, iraultza kultural baten alde, gerra beti!

Vladimir Leninen miresle zen Bannonek Breitbart News zuzendu zuen garaia arrakasta aroa izan zen, hilero hamaika milioi bisita izatetik berrehun milioi bisita izatera pasatu plataforma digitala. Eta azpimarragarria dena, ordura arte svastikak, adrenalina izerditzen zuten kaskamotzak eta garagardoak edateagatik nabarmentzen zen Alt-right eskuin alternatiboa, Bannonen gidaritzapean, Trumpen aldeko armada aski antolatu bilakatu zen. Armada profesionala, sofistikatua, sare sozialetan oso dinamikoa. Alderdi Demokratak eta Alderdi Errepublikanoak baino irismen askoz ere zabalagoa lortzeraino.

Bannonek Donald Trumpekin bere betiko ametsa bete zuen. Sarah Pallin edo Jeff Sessionsekin hainbeste aldiz saiaturiko eta ordura arte beti zapuzturiko saioak, Trumpekin egia bilakatu ziren. Sona handia eta diru-poltsa handiagoa zuen aberats xelebrearen inguruan, Alt-right mugimendua trinkotu eta milioika boto lortzeko aukera ikusi zuen, boterea eskuratzeko bide irekia, aukera gauzagarria.

Trumpek, baina, ez zuen esperientziarik, politikaren borrokalekura heldu berria zen eta diskurtso mamitu gabea zuen. Eta eskandaluz eskandalu, errepublikanoen primarioetan erdipurdi zebilenean, Steve Bannon deitu zuen bere kanpaina zuzentzeko.

Esan bezala, 2016ko abuztuan hartu zuen Bannonek Trumpen kanpainaren ardura. Hein batean, Bannonek sortutako kreatura politikoa da Trump. Berak artikulatu zion diskurtsoa, berari esker normaldu eta errespetagarri egin zen populismo arrazista, gorroto bizi eta toxikoa Trumpen hizkeran erabat errotu zen. Berak landu zituen Trumpen posizio politiko garrantzitsuenak: unibertsitate publikoen aurka, immigrazioa errazteko legeen kontra, musulmanen aurka, “America First” aldarri hartuta nazionalismo ekonomikoaren alde...

Eta egiari zor, aitortu egin behar zaio usaimen ona izan zuela. Bannonek antzeman zuen inork baino hobeto non zegoen AEBetako presidentetzarako hauteskundeak irabazteko gakoa: nekazaritza nagusi den herrialdearen erdialdeko estatuetan eta, batez ere, Rust Belt deritzon eskualdean, hau da, mendebalde erdiko eta Laku Handien inguruko estatuetan (Pennsylvania, Virginia, Ohio, Indiana, Michigan, Illinois, Iowa eta Wisconsi), behinola ekonomikoki indartsu izan eta langile klase zuria gehiengoa den estatuetan. Egun, desindustrializazioak eta gainbehera ekonomikoak jota, populazioa galtzen ari diren estatuen garrantzia ezin hobeto ulertu zuen.

Bi hitz: «fire & fury»

Michael Wolff kazetariaren "Fire and Fury. Inside the Trump White House" liburuan, AEBetako liburu salduenean, Bannonen hitzetan esaten direnek atzera bueltarik gabeko bere erorketa azkartu dute. Wolffen arabera, Bannon berak esan zion Trumpen kanpainan Errusiako Gobernuko agenteekin ados jarrita ekiteko saioa egon zela. Liburuaren arabera, Donald Trumpen semeak agente horiek aitarekin biltzera lagundu zituen, eta saiook “antipatriotak” eta “traizioa” izan ziren. Zergatik esan zizkion halakoak Bannonek Wolffi? Nahigabe? Nahita?

Ez da erraza erantzutea. Edonola ere, Trumpen kontraerasoa berehalakoa izan zen, eta, nola bestela, Twitterren bidez etorri zen. Bere estrategia buru izandakoaz hala mintzatu zen: «Burua galdu du!». Are, lotsagabe, adierazpenok egin zituen: «Bannonek ez du nirekin edo nire lehendakaritzarekin inongo zerikusirik». Beste gezur bat bildumarako. Donald Trump Jr. lehendakariaren semeak honako txioa zintzilikatu zuen: «Andrew Breitbart lotsatuta egongo litzateke Steve Bannon zabaltzen ari den gezur eta zatiketekin».

Bannonek zioen iritzi publikoa ezagutzeko, jendearen aldartea jakiteko, Breitbart News plataformako berrien iruzkinak irakurtzea baino bide hoberik ez zuela ezagutzen. Anonimatuan gotorturik idazten ziren iruzkinak ziren bere termometroa. Bada, Trumpen aurka labana hain zorrotz eta hain barruraino sartuta, Bannon urrutiegi joan dela ohartzeko, bere erorketaren inguruko berrien iruzkinak irakurri eta berehala ohartzen da bat, oraingoan bai, oraingoan zaila izango duela berriz altxatzea. Egurra erruz jasotzen ari da.

Olibondoaren adarra eskainiz, barkamena eskatu du Bannonek, agiri bidez gertatutakoa «deitoratuta». Presidentearen ibilbidea eta agenda goraipatu eta bere seme Donald Trump Jr. «patriota eta gizon ona» dela esan du. Agiri hori, baina, beranduegi heldu da.

Eta Banonen tranpolin kutun eta base operatibo izandako Breitbart News berak, azkenean, lau lerroko agiri batean Trumpen aholkulari ohiaren kaleratzearen berri eman zuen: «Gure ondarearen figura baliotsua izan da Steve, eta beti egongo gara eskertuta bere ekarpenengatik». Eta gauzak diren moduan esanda, Bannonek azken urteotan Andrew Breibarten “fuck you” eta “war” ideiei leial jardun ostean heldu da kaleratzea.

Bere bi patroi handien konfiantza galtzean (Donald Trump eta Rebekah Mercer, Mercer Family Foundation fundazioaren burua eta Robert Mercer Breibart News plataformako finantzatzaile aberatsaren alaba), Bannonek honakoa aipatu zuen, desgrazian erortzea baino promozio bat zela Etxe Zuria uztea: «Orain libre naiz, eskuak nire armetan ditut berriz ere».

Etxe Zuria utzi eta gero, egin dituen apustu politiko guztiek porrot egin dute. Eta denetan sonatuena, neskatxak ehizatzeaz, erasotzeaz akusaturiko Alabamako Roy Moore senatari egiteko kanpaina izan da, Trump bera Mooren alde lerrokatzera eraman zuena. Izan ere, Alabama, Alabama da. Hamarkadaz hamarkada inork konkistatzerik izan ez zuen errepublikanoen gotorleku perla. Beste maila batean, sonatua izan zen ere Alderdi Errepublikanoko aparatuko Mitt Rommey hautagaiari bidea ixteko, Utah estatuko Orrin Hatch senatariari zazpigarrengoz beste mandatu baterako aurkezteko egin zion erregua. Baita errepublikano beteranoaren ezezkoa ere.

Beste bi hitz: «America First»

Trump hautatu zuten lehen egunetik, Etxe Zurira heldutako Bannonek obsesio bakarra zuen: kanpainan zehar egin ziren promesak beteko zirela ziurtatzea. Eta behin boterera iritsita, promesa horiek hautsi edo lausotu nahi zituztenen kontra aritu da borrokan.

Etxe Zurira gonbidatzen zituen guztiei Trump zertara etorria zen argi adierazten zien: musulmanen aurkako debekua martxan jartzera, Txinaren aurrean komertzio agenda protekzionista indarrean jartzera, kanpo politika are isolatuagoa bultzatzera... Eta hori jomugan, oso zorrotz jokatu du: Trumpen kanpainan lan egin ez eta irabazlearen gurdira igo diren guztiak gertutik zaintzea eta bere agenda politikoa ulertzen ez zutenak garaitzea izan du asmo.

Jokabide horrek eta bere burua Trumpen politikaren eta bere “purutasunaren” zaindari goren kontsideratzeak, Etxe Zuriaren barruko borroketan, maiz, oso bakarrik izatera eraman zuten. Analistek diotenez, nabarmena izan da Bannonen sokakoen, hots, Txinaren aurrean jarrera erasokorra defendatzen zuten “nazionalista ekonomikoen”, kanpainako leloa zen “America First” totem bilakatu nahi zutenen, eta Wall Streetetik zetozen komertzioaren aldeko “sektore moderatuen” arteko gatazka. Eta antza, Wall Streeten aurrean desafioka ibiltzeak Bannonen erorketan zerikusia izan du.

Edozein kasutan, Bannon joan da, baina “Bannonismoa” geratu egin da. “America First” agendaren izenean, immigranteen aurkako polizia sarekadak, “Estatu administratiboa” deseraikitzea, negozio handien kontrako arauak ezabatzea, gobernuaren programa sozialen eraispena, Txina isolatzeko saiakerak, muturreko indarren probokazio eta antolaketa etengabea... ohiko bilakatu dira.

2017eko urtarrilean Bannon AEBetako politikako figura ilun bezain boteretsua zen. Urtebete geroago, aliaturik gabe, defendatuko duten patroirik gabe, hutsaltasun politikoan amildu dela dirudi. Eta zinez azpimarragarria da hain denbora gutxian holako erorketa handia gertatu izana.

Bukatzeko, lau hitz

Show must go on. Queen rock bandaren kantak zioen bezala, “espektakuluak jarraitu egin behar du”. Eta espektakuluak protagonistak behar ditu, clownak. Charlottesvilleko tragediaren ondoren, supremazista zurien aurkako manifestazio antifaxista auto batekin jo eta neska gazte bat hilda eta hogei zauritu utzi zituen erasoaren ondoren, Bannonek “clown bilduma” deitu zien neonaziei. Galtzaile eta “friki” kuadrilla bat besterik ez izatea egotzi zien.

Baina hori bai, ezkerrak arrazismoa bezalako gaiak zenbat eta gehiago hizpide hartu, beraientzat hobe zela ere esan zuen. Trump nazionalismo ekonomikoaren bidean sendo mantentzen bazen, “txikitu” egingo zituztela demokratak.

Agian, egoaren aparretan nahasita, jenioa zela erabat sinetsita, Bannonek ez zuen ikusi beste clown bat baino ez zela espektakuluan. Trumpen aldarearen aurrean sakrifikatuta, show-aren kapitulu bat bukatu da, bai, baina ez AEBetako politika bilakatu den espektakulua.

Bannonek zioen Ipar Koreako egoerak ez zuela soluzio militarrik. Eta gakoa Txinaren kontrako gerra ekonomikoa zela. Trumpen azken txio batean Kim Jong-un Ipar Koreako liderrari hau esan dio: «Nire botoi nuklearra zurea baino handiagoa eta boteretsuagoa da, eta funtzionatu egiten du!». Show must go on!

Galderek hor segitzen dute: Bannonen benetako amaieraren aurrean gaude? Ala, Trumpen zirkulu itxitik atera diren beste askorekin gertatu bezala, apurka errekuperatuko du presidentearen grazia eta dei telefonikoen zerrendara bueltatuko da? Ikuskizun dago.