Elezkano-Rezustak eskura dute sailkapena (19-22)
Bengoetxea VI.a-Larunbek lan handiak eman dizkiete liderrei baina txapelketan ia aukerarik gabe geratu dira partida gogor baten ostean.
Ziur egoteko beste garaipen bat beharko dute, baina Elezkano-Rezustak badakite dagoeneko finalerdietan egongo direla, ia aukerarik gabe utzi dituzten Bengoetxea VI.a-Larunberi 19-22 irabazi ostean. Sufritzera ohituta dagoen bikotea da Aspekoa eta gaur ere makina bat lan egin behar izan dute puntua eskuratzeko.
Lehia gorabeheratsua izan da Labriten jokatutakoa, azken aldera arte erabaki ez dena. bi atzelariek asko jo diote pilotari, Larunbek ondo eutsi die Rezustaren ezkerkada bortitzei, baina aurrean Danel Elezkanok kantxan oso deseroso aritu den Oinatz Bengoetxea baino eta horrek eman die garaipena.
Ezin da inolaz ere leitzarrak gaizki jokatu duenik esan, baina zenbait pilotetara sartzerako orduan erakutsi dituen zalantzek bere unerik onenean ez dagoela erakusten dute. Oinetako arazoak ditu azkenaldian buruz buruko txapeldunak eta gaur ere nabaritu zaio.
Danel Elezkanok, aldiz, gorantz egin du txapelketak aurrera egin ahala eta gaur unerik zailenean, 17-14 eta 18-16 joan dira gorriak aurretik, aurrera pausu bat eman du, errematean asko asmatu du eta garaipen bikaina eskuratu dute.