INFO

Haurrak, gerra ostean, muga itxiaren lekuko


Bigarren Mundu Gerra bukatuta, espainiar eta frantses estatuek muga ixtea erabaki zuten. Itxiera horren ondorioz, Ipar eta Hego Euskal Herria elkarrengandik guztiz banatuta geratu ziren, kontrabandoak, eta, beraz, mugalarien jarduerak, aurreko mendeetan bezala, indarrean jarraitu bazuten ere. Jean Dieuzaidek 1947an Hendaiako muga itxian egindako argazkian haur batzuk ageri dira, trenbidean, Hego Euskal Herrira begira. Jean Dieuzaide (Grenade, 1921) argazkilari dokumentalista izan zen. 1946an Rapho agentzian sartu zen eta han, besteak beste, Gyula Halasz (Brassaï), Robert Doisneau eta Edouard Boubat izan zituen lankide. Sarritan bisitatu zuen Euskal Herria, eta haren irudiek egunerokoa, gizon-emakumeak beren inguruan, lanean, jokoetan eta festetan erakusten dituzte. Irudi horiek, halaber, Ameriketarako emigrazioaren berri ematen dute. Biarritz, Iruñea, Sara, Atharratze, Baiona, Donibane Lohizune, Donibane Garazi eta beste hainbat herriren argazkiak egin zituen Dieuzaidek behin eta berriz. 2016an, Asterok eta Mediabaskek “Ipar Euskal Herria iruditan” lanean, haren irudirik ikusgarrienetako batzuk argitaratu zituzten.