INFO

Puigdemontek ez du baztertzen inbestidura saioan egotea

Carles Puigdemont Generalitateko lehendakaritzarako hautagaiak defendatu du abenduko hauteskundeetatik atera zen mandatua dela bera izatea Kataluniako presidente, eta «egokiena» litzatekeela inbestidura saioa «presentziala» izatea eta bera Parlamentuan egotea. Ez du baztertu aukera hori.

Roger Torrent eta Carles Puigdemont, Bruselan. (Emmanuel DUNAND/AFP)

Carles Puigdemont eta Belgikan erbesteratuta dauden beste lau diputatuak –Clara Ponsati, Toni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig– Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentekin bildu dira gaur Bruselan, urtarrilaren 30ean egingo den inbestidura saiorako aukerak aztertzeko. Izan ere, Puigdemont da hautagai bakarra.

Bilera Europako Aliantza Librearen egoitzan egin behar izan dute, Gobernu espainolak Generalitatearen Bruselako egoitza ixteko agindua eman baitu, bilkura hor egin ez zedin.

Torrentek bileraren amaieran esan duenez, Kataluniari «komeni zaiona» da «ahalik eta azkarren» Gobernua izatea eta hura «eraginkorra izan dadila lehen minututik».

Puigdemontek, bere aldetik, adierazi du «egokiena» litzatekeela inbestidura saioa «presentziala izatea, denok egotea, eta horretarako baldintzak eman beharko lirateke, baina ez ditugu beste bideak baztertzen». «Azken unera arte» inbestidura saioan egoteko lan egingo duela ziurtatu du, eta «aukera asko daudela» bertan egoteko.

«Ez dugu utziko Kataluniako herriak abenduaren 21ean aldarrikatu zuena, inbestidura saiatu behar dugu», nabarmendu du, eta Gobernu espainolaren «xantaian» ez direla eroriko erantsi.

Presidenterako hautagaiak «normaltasuna, zorroztasuna eta sen ona», eskatu ditu, eta Gobernu espainolari inbestidura saiorako trabak kentzeko galdegin dio.