INFO

Soto, Iriondo eta Goirizelaiarekiko elkartasuna sarera iritsi da

Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo kazetarien zein Jone Goirizelaia abokatuaren kontrako epaiketa abiatu da. Elkartasuna eta babesa epaitegi ataria gainditu eta sare sozialetara iritsi da.

Gaur hasi da Cabacas auziko lehen epaiketa.

Estatu espainolean kazetarien eguntzat jotzean dute gaurkoa, urtarrilaren 24a; bien bitartean,  Bilbon Iñaki Iriondo kazetaria eta Iñaki Soto GARAko zuzendaria eseri dituzte akusatuen aulkian. Haiekin batera eseri da Jone Gorizielaia abokatua ere. Haiek dira Cabacas auziko aurreneko epaiketako akusatuak.

Ia sei urte dira Ertzaintzaren pilotakada batek jota Iñigo Cabacas gaztea hil zenetik. Gaztea hil zuen polizia operatiboaren buruak, ‘Ugartekok’ jarritako salaketa baten harira egingo da epaiketa. Iñigo Cabacas zauritu zuten gau horretako audioen argitalpenak zein abokatuaren adierazpenek «osasun arazoak» eragin zizkiotela dio ertzainak eta bere «ohorea eta intimitatea» urratu izanagatik salatu zituen akusatuak. Jasandako «kalteengatik» 250.000 euroko kalte ordaina eskatu du.

Epaitegi atarian elkarretaratze batek elkartasuna eskaini die Iriondo, Soto eta Goirizelaiari. Sareetan ere nabaria da elkartasuna, bai eta adierazpen askatasunaren aldeko defentsa ere.

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak bere babesa agertu eta epaiketa salatu du. Auzitegiaren atarian komunikabideetako hainbat eragileren babesa jaso dute epaituek.

Sortu alderdi politikoak babesa helarazi die auzipetuei eta Cabacasen heriotzaren erantzuleen aurkako epaiketa noiz izango den itaundu du.

EHBilduk ere elkartasun mezuak zabaldu ditu sarean.

Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu izandako EAko Ikerne Badiolak sostengua erakutsi die auzipetuei. Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari ohi Zigor Etxaburuak ere «eskandalutzat» jo du epaiketa.

GARAko irakurleek ere babesa eta sostengua helarazi nahi izan dute sare sozialen bidez. Epaiketak Cabacasen senideei eragingo dien mina ere presente izan dut askok.