INFO

Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia absolbitu dute Aroztegiari «pelotazo» deitzeagatik

Nafarroako Auzitegiak absolbitu egin du Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia, Aroztegia proiektua «pelotazo urbanistikoa» zela esateagatik. Iruñeko epaitegiak 1.000 euroko isuna ezarri zion iaz.

Garbiñe Elizegi, epaitu zuten egunean. (Idoia ZABALETA-ARGAZKI PRESS)

Iruñeko epaitegiak Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia zigortu zuen iazko otsailean, Aroztegiko proiektua «pelotazo espekulatiboa» eta «pelotazo urbanistikoa» zela esateagatik. Hala, Palacio de Arozteguia S.L. enpresaren «ohorea kaltetu» zuela ebatzi zuen epaileak eta 1.000 euroko isuna ezarri zion.

EH Bilduk helegitea aurkeztu zuen epai horren aurka eta orain, Nafarroako Auzitegiak, Baztango alkate ohia absolbitu egin du eta ebatzi du hori esateak ez zuela aipatu enpresaren ohorea kaltetu.

Indar abertzaleak adierazpen askatasunaren kontrako eraso larritzat jo zuen iazko epaia. «Hondamendira eramaten gaituztenak inpunitate osoarekin jokatzeko aurrekari ikaragarria da ordezkari politikoak herritarren borondatea defendatu eta pelotazo urbanistikoak salatzeagatik zigortzea». 

Bereziki larritzat jo zuen fiskala enpresaren demandaren kontra agertu arren epaileak haren «ustezko ‘ohorea’ adierazpen askatasunaren aitzinetik» jartzea.

Aroztegiko proiektuak Lekarozen 226 etxebizitza, hotel bat eta golf zelaia eraikitzea aurreikusten du, beste ekipamendu batzuekin batera, eta iritzi kontrajarriak sortu ditu bailaran. EH Bildu aurka agertu da, eta Geroa Bai eta UPN, berriz, alde.

2016ko ekainean herri galdeketa egin zuten, eta parte hartu zuten 1.707 bizilagunetatik %80a baino gehiago egitasmoaren aurka agertu zen.