INFO

Olaizola II.a eta Imaz finalerdietatik gertuago daude

Gasteizko Ogeta pilotalekuan 14-22 menderatu dituzte Bengoetxea VI.a eta Larunbe, seigarren garaipena batuz eta sailkapenean bigarren postura igoz.

Gogotsu aritu bada ere, ezin izan du ezer egin Oinatz Bengoetxeak. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Urrats handia eman dute Aimar Olaizolak eta Ander Imazek Binakako Txapelketaren finalerdietan egon ahal izateko. Goizuetako aurrelariak eta Oiartzungo atzelariak partida oso txukuna egin dute Gasteizko Ogeta pilotalekuan eta 14-22 menderatu dituzte jada aukera guztiak galdu dituzten Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunberen aurka.

Gorriak 2-0 aurreratu diren arren, Olaizolak eta Imazek galdutako pilota bana tarteko, urdinek azkar eman diote buelta egoerari eta aurrea hartu dute markagailuan. Ander Imazek ongi eusten zion atzean Larunberi, eta Aimar Olaizolak berriz ere sekulako erakustaldia eman du errematean –9 tanto jokoan eginak eta beste bat sakez, nahiz eta bost pilota ere galdu dituen–. Bost tantoko partzial bati esker, 2-5 aurreratu dira.

Oinatz Bengoetxea ere lanerako prest joan da kuttuna duen Gasteizko pilotalekura, eta bi tanto ederrekin 5nako berdinketa ezarri du. Lau tantoko beste partzial batek abantaila eman die aurkariei (5-9), baina gorriek egoskor 9-9ko berdinketa lortu dute berriz ere.

Baina hortxe amaitu dira ordea gorrien ametsak. Mikel Larunberen huts argi batek –bederatzi pilota argi galdu ditu guztira– aurretik ipini ditu urdinak eta amaierara arte ez diote errenta horri ihes egiten utzi. Batzuetan irabazleen merituz, besteetan galtzaileen hutsengatik, Olaizola II.a eta Imaz azkar joan dira 14-22ra, 401 pilotakada eta 50 minutuko iraupena izan duen partidan.

«Puntu honek asko balio du guretzat, oraindik lanean segi behar dugu baina nik uste dut aurten ere zazpi garaipenekin bikoteren bat sailkatuko dela finalerdietara», esan du Aimar Olaizolak partida amaieran. «Nik tantoak egiten asmatu dut, nahiz eta galdu ere egin ditudan pilotak, normala da behartuta jokatzen duzunean. Eta Anderrentzat ere garrantzitsua da garaipen hau, konfiantza hartzeko eta orain arte izan dituen urduritasunak atzean uzteko», gaineratu du pozarren.