INFO

Autogobernua, enplegua eta zerga eredua aztertu dituzte EH Bilduk eta Confebaskek

EH Bilduren ordezkaritza bat Confebaskekin bildu da Bilbon, egoera politikoa eta ekonomikoa aztertu eta Euskal Herriak dituen erronkei konponbidea bilatzeko. Autogobernua, enplegua, lan baldintzak eta zerga eredua izan dituzte hizpide, besteak beste. Bi eragileen arteko harremanetan «ziklo berri bat irekitzeko balio izan du».

EH Bilduko eta Confebaskeko ordezkariak, bilera hasi aurretik. (ARGAZKI PRESS)

EH Bildu eragile politiko, ekonomiko, sindikal eta sozialekin egiten ari den bilera errondaren baitan, Confebaskeko buruekin bildu da gaur indar abertzalearen ordezkaritza bat. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarte Gasteizko Legebiltzarreko bozeramailea, Iker Casanova legebiltzarkide eta Industria idazkaria eta Leire Pinedo legebiltzarkide eta Fiskalitate idazkaria izan dira Bilbon.

Patronalaren aldetik Roberto Larrañaga presidentea eta Eduardo Arechaga zuzendari nagusia izan dira ordezkaritzaren buruan

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, bilera «giro onean» egin da eta bi eragileen arteko harremanetan «ziklo berri bat irekitzeko balio izan du». Egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala aztertu dituzte, «herri honek dituen erronka nagusiei konponbideak bilatzeko». Aurrerantzean ere biltzen jarraitzeko borondatea agertu dute, «euskal herritarrek behar dituzten konponbide partekatuak bilatzeko helburuarekin».

Landu duten gaietako bat autogobernuarena eta Euskal Herriaren etorkizun politikoarena izan da. EH Bilduk bere kezka azaldu du «Espainiako estatutik behin eta berriro agertzen diren birzentralizazio asmoekin» eta autogobernu eta burujabetza maila handiagoak izatearen beharra jarri du mahai gainean, «euskal ekonomia eta euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta sendotzeko, betiere gehiengo politiko eta sozial berrietan oinarrituta».

Confebaskek eta EH Bilduk beste honako gaiak ere izan dituzte hizpide, nahiz eta «horiek bideratzeko politiketan bat ez etorri»: enpleguaren egoera eta kalitatea, industria indartu eta modernizatzeko premia eta zerga eredu justu eta ekitatiboa ezartzeko beharra.

Indar abertzaleko ordezkariek lan baldintzak hobetzeko eta prekarietatearekin bukatzeko beharra ere helarazi diete enpresaburuei, batez ere sektore ahulenetan, emakume eta gazteen artean.

EH Bildu nahiz patronala ados agertu dira «herri honetako enpresak eta industria indartzeko eta modernizatzeko beharrean euskal ekonomiak dituen erronkei aurre egiteko».

«Euskadiren irudi ia apokaliptikoa»rekin ez dator bat patronala

Confebaskek, bere aldetik, esan du bilera «errespetu» giroan egin dela eta bertan EH Bilduko ordezkariei euskal enpresetan «bidea egiten ari den fiskalitate eta lan harremanen eredu berriaren txostenak» helarazi dizkie.

Enpresariek argi utzi nahi izan dute ez dutela bat egiten «Euskadiren irudi ia apokaliptikoa» zabaltzen dutenen mezuekin, eta «hobetzeko gauzak» daudela onartu arren, indar subiranistari gogorarazi dio EAEm «soldatarik altuenak» daudela, «lau langiletik hiruk kontratu mugagabea» dutela eta «%80 lanaldi osokoa» dela.

Duela ia bi urte ere bildu ziren EH Bildu eta Confebask.