INFO

Lakuaren politika publikoei «bultzada soziala» emateko neurriak proposatu ditu EH Bilduk

Lakuako Gobernuaren politika publikoei «bultzada soziala» emateko proposamen sorta iragarri du EH Bilduk. Enplegu, industria eta gizarte kohesioaren alorretarako neurriak dira, horien artean kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko soldatak bermatzea, 1.080 euroko pentsioak bermatzea eta Adimen Ekonomikoaren Euskal Zentroa sortzea.

Nerea Kortajarenak, Maddalen Iriartek eta Iker Casanovak aurkeztu dituzte EH Bilduren proposamenak. (@ehbildu)

Maddalen Iriarte, Iker Casanova eta Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideek aurkeztu dituzte industria, enplegu eta gizarte kohesioaren alorrean datozen hilabeteotan Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztuko dituzten ekimenak –20 baino gehiago–, politika publikoei «bultzada soziala» emateko eta herritarren bizi kalitatean benetan eragin dezaten. «Estrategia integral» baten beharra nabarmendu dute.

Esan dutenez, arrakala eta ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erronkak ere handiak dira oinarrizko esparruetan, baina Lakuako Gobernuak, «ikuspegi estrategiko eta integrala erakutsi beharrean, tiritatxoak eta irtenbide kosmetikoak» baino ez ditu eskaintzen.

Enpleguaren alorrean, kontratazio publiko guztietan 1.200 euroko soldatak bermatzea proposatzen du EH Bilduk, «lanpostu gehiago eta kalitatezkoak» sortzeko. Iraupen luzeko langabeziaren aurkako talka plana abian jartzea eta plan estrategiko orokorra egitea dira beste neurrietako batzuk, «lan merkatuaren aldaketa era antolatu eta orekatuan garatzeko», 2014ra bitartean «belaunaldi aldaketa dela eta, 300.000 lanpostu inguru bete beharko direlako».

Industriari dagokionez, Ikerketa eta Garapena sustatzeko akordioa nahi du, «funtsezkoa den atal horretan egiten den inbertsioa BPGren %1,84tik %3ra igotzeko». Horrekin batera, Adimen Ekonomikoaren Euskal Zentroa sortzea proposatu du, «joera ekonomikoak aztertzeko, arazoei aurrea hartzeko eta politika publikoak norabide egokian jartzeko».

Gizarte kohesioaren atalean, Kortajarenak nabarmendu du politika publikoak indartu behar direla herritarren babesa, zaintza eta garapena ziurtatzeko, eta kezkatuta agertu da, «horren ordez bi abiadurako gizartea eraikitzen ari delako». Eskola segregazioa, desberdintasun sozialak, langile pobreak, gazteen emantzipazio arazoak edota pentsio kaskarrak eboluzio horren erakusle dira EH Bilduren iritziz.

Horregatik, beharrezko jotzen du Gizarte Zerbitzuen Sistema «sakon» berraztertzea, baita «lidergoa behingoz Jaurlaritzak hartzea ere», legeak hala eskatzen duelako».

1.080 euroko pentsioak bermatzea da aurkeztuko duen beste neurrietako bat, pentsiodunek bizimodu duina izan dezaten, eta inbertsio funts baten beharra ere aldarrikatu du, gizarte zerbitzuetan ere ikerketan eta garapenean inbertitzeko eta «berrikuntza ez-teknologikoa esploratu beharreko esparrua delako jendearen ongizatea hobetzeko».