INFO

Mugimendu Feministak martxoaren 8an lanuzteak egiteko deia egin die emakumeei

Emakumeei zuzendutako greba izango da eta goizean zein arratsaldean lau orduko lanuzteak proposatu dituzte lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan. Era berean, 12.00etan eta 20.00etan herriz herri antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu dute.

Mugimendu feministako ordezkaritza zabala bildu da Tabakaleran. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

This browser does not support the video element.


Donostiako Tabakaleran bildu da Euskal Herriko Mugimendu Feminista martxoaren 8rako nazioartean deitu den emakumeen grebari atxikimendua agertzeko. «Emakumeok planto» aldarriarekin, goizean 11.00etatik 15.00etara, eta arratsaldean 18.00etatik 22.00etara lanuzteak egiteko deia luzatu diete emakume guztiei, arlo guztietan. Hau da, ez da lan greba soil bat izango, ikasketetan, zaintzan eta kontsumoan ere aktibitatea eten nahi baitute. Era berean, jakitera eman dute plantoak herriz herri antolatuko diren beste ekintzekin osatuko direla eta horiekin bat egiteko deia egin dute.

«Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Aurtengo martxoaren 8an ikusiko dugu», adierazi dute mugimendu feministako ordezkariek. Emakume hitza erabiltzen dute euren adierazpenean, «nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak bagaren». Aniztasun hori ere aldarri izango da M8an: «Gure aniztasunetik zabaltzen dugu greba feministarako deia Euskal Herrian; alegia, gure gorputz, gure bizipen, gure adierazpen molde, munduan egoteko modu ezberdinen aniztasunetik. Jakin badakigulako zeharkatzen gaituzten desberdintasun eta prekarietateek patriarkatuaren borrokan, soldatapeko lan munduan, zaintzan, kontsumoan eta gure eskubideen erabileran leku anitzetan kokatzen gaituztela».

Aipatu dute sistemak ez dituela berdin baloratzen emakumeen enpleguak, alegia, «feminizatutako ogibideak». Izan ere, urtean batez bestez 7.489 euro gutxiago kobratzen dituzte. Era berean, zaintza lanak, neurri handi batean emakumeek egindakoak direnak, nagusiki migratutakoek egiten dituzte. Emandako datuen erabera, etxeko langileen %87 atzerritarrak dira, %46 etxe barneko langileak dira, eta herenak baino hehiagok ez du lan kontratutik. Sistemak «emakumeen burujabetza ekonomikoa oztopatzen du».

Baina greba ez da lan mundura mugatuko, «lanaren kontzeptua birplanteatzea» delako helburua. Horretarako, «zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo dugu, egungo eredu neoliberal predatzaile, arrazista eta koloniala auzitan jartzeko. Emakumeek kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa berriro moldatu nahi dugu. Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera», adierazi dute.