INFO

Margoketa bat egitea leporatuta, Amurrioko gazte batek urtebeteko espetxe zigorra bete beharko du

Julen Libre ekimenak jakinarazi duenez, Amurrioko gaztea urtebetez kartzelaratzeko agindua eman du espainiar Auzitegi Nazionalak, margoketa bat egitea leporatuta. Kasuaren berri eta xehetasunak bihar emanen dituzte, 12:30ean Amurrioko San Anton plazan egingo duten agerraldian. Era berean, mobilizazioak iragarriko dituzte datozen egunetarako.


Amurrioko gazte bat kartzelaratzeko agindua eman dio Auzitegi Nazionalak. Hala iragarri du Julen Libre ekimenak. «Salbuespeneko auzitegi honek urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio Juleni, rotulki batekin egindako margoketa batengatik».

Jakinarazi dutenez, 2015ean Auzitegi Nazionalean beste epaiketa bati aurre egin behar izan zion gazteak, baina orduan absolbitu egin zuten. «Ezin dugu ulertu Euskal Herria konponbide prozesu batean murgilduta dagoen bitartean nola espainiar Estatua beste garai batzuetako makinaria erabiltzen ari den behin eta berriz herri honen kontra, euskal gizartearen ilusioa zapuzteko helburuz», adierazi dute.

Mobilizazioak izango dira datozen egunetan

Kondena hau «mendeku politika baten logikan» kokatu dute. «Ez da rotulki batekin pareta batean idazteagatik, hau gazte mugimenduetan parte-hartzeagatik da, gazte eta independentista izateagatik alegia».

Kasuaren berri eta xehetasunak bihar emanen dituzte, 12:30ean Amurrioko San Anton plazan egingo duten agerraldian. Era berean, mobilizazioak iragarriko dituzte datozen egunetarako.