INFO

Hasi dira inauteriak Tolosan

Ostegun Gizenarekin hasi dira inauteriak Tolosan, tenperatura hotz baina giro beroarekin. Aurten Berazubi elkartea izendatu dute Inauterizale Kuttuna, eta haiek izan dute txupinazoa botatzeko ohorea. Nazarenoak, legionarioak eta espainiar errege emeritu Juan Carlos Borboikoa bertan izan dira.

Berazubi elkarteko kideek bota dute aurten txupinazoa.

This browser does not support the video element.


Eguerdian Udaletxeko balkoitik bota duten txupinazoarekin lehertu da festa Tolosan. Gaur hasi eta asteartera arte, sei egunetan egunerokoak alde batera utzi eta mozorroen festan murgilduko dira.

Egunotan Udalaren «ardura» hartzen duen Kabi Alai elkarteak Berazubi elkartea izendatu du aurten Inauterizale Kuttuna, eta elkarte horretako Arantxa Calvok eta Ana Ardanazek jaurti dute suziria, jendez lepo zegoen Plaza Zaharrean. Berazubiko nazarenoak eta legionarioak prozesioan iritsi dira aurrena Udaletxera, eta balkoian beste gonbidatu berezi bat ere izan dute: Juan Carlos Borboikoa, espainiar errege emeritua. Berazubi auzoa independente deklaratu du.

Txupinazo ofiziala eguerdian bota duten arren, azken 28 urteotan bezala gauerdia jo orduko txupinazo goiztiarra bota du Vista Alegre txarangak Trianguloan eta lehen inauteri doinuekin gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Berrikuntzak

Aurten hainbat berrikuntza izango da, hauen artean garrantzitsuena karroza eta konpartsen ibilbidea herriko beste hainbat kaleetara zabalduko dela. Horrela, Rondilla kalea eta San Francisco pasealekutik haratago, zezen plaza inguruko Oria kalean, Nafarroa etorbidean eta Foruen etorbidean kokatuko dira euren emanaldiak eskaintzeko.

Guztira 77 karroza eta konpartsa eta 1.400 haur inguruk koloreztatuko dituzte Tolosako kaleak jai egun hauetan.