INFO

«Hezkuntza kapitalistaren aurka» martxoaren 21ean kalera irtetzeko deia egin du Ikasle Abertzaleakek

Martxoaren 21ean, «hezkuntza sistema jomugan» jarri asmoz, kalera irtetzeko deia egin du Ikasle Abertzaleak sindikatuak. Era berean, ikasturte amaieran izango dituzten errebalidei begira, «LOMCEri ezetz esateko eguna ere» izango azpimarratu dute.

Martxoaren 21ean mobilizazio eguna deitu du Ikasle Abertzaleak sindikatuak. (@IAbertzaleak)

Ikasle Abertzaleak sindikatuak agerraldia egin du gaur eta martxoaren 21ean mobilizatzeko deia egin die ikaslei. Egun horretan, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan martxan jarri dituzten dinamikak barnebildu nahi dituzte eta hezkuntza sistema «jomugan jarri».

«Hezkuntza besteak beste, egitura osoa eraikita duen klase dominatzaileak, hau da, klase burgesak, bere interes eta beharrei erantzuten dien gizarte eredu bat sortu, indartu eta etengabe erreproduzitzeko bideratuta dagoela ikusi dugu. Egungo hezkuntza sistema egitura eta helburu horien baitan kokatzen dugularik», adierazi dute.

«Langile klasearen izerdiarekin aberasten jarraitzeko eta aberastasun hau etengabe handitzeko, beharrezkoak dituen pertsonak sortzeko tresna bat da burgesiarentzat hezkuntza», gehitu dute.

Modu honetan, ikastetxe ezberdinetan ematen ari diren dinamikak barnebildu nahi dituzte eta «denon artean hezkuntza sistema jomugan jarriz», martxoaren 21ean «kaleak hartzeko asmoa» adierazi dute, «hau ez dela gure hezkuntza» aldarrikatuz. 

Egun honetan, ikasturte amaieran izango dituzten errebalidak kontuan hartuta, «LOMCEri ezetz esateko eguna ere izango da» martxoaren 21a.