INFO

«Zazpirekin nahikoa»

Aimar Olaizolak ez du uste zortzi puntu, beste bi garaipen, beharko dituztenik finalerdietara heltzeko.


Adierazpen publikoetan bederen, pilotariak ez dira kalkuluak egin zale eta nahiago izaten dute «partidaz partida» joatearen diskurtsora batzea. Hala ere, lehen itzuli hau amaitzeko hiru partida baino geratzen ez direla, batzuk hasiak dira kalkulagailuak astintzen eta sailkatzeko beharrezkoak izango lituzketen puntuak aztertzen.

Koadroko pilotaririk beteranoena izanda, Aimar Olaizola hamaika aldiz izan da halako egoeretan eta gauzak inork baino argiago ditu; «zazpi puntu lortzen dituena barruan izango da. Askok zortzi behar izango direla diote edo diozue, baina nire ustez zazpirekin nahikoa izango da», azaldu zuen atzo Labriteko aukeraketan.

Azken bi asteetako emaitzekin Asegarceri asko zaildu zaizkio finalerdietan bi bikote sartzeko aukerak eta, alde horretatik, euren enpresan «apur bat arduratuta» egotea normala dela iritzi dio. «Ia ziur nago bikote bat sartuko dela, ez dakit ziur zein, baina bat behintzat bai. Nik uste dut Aspeko bi lehenak –Elezkano-Rezusta eta Altuna III.a-Martija– barruan daudela ziur eta Ezkurdia-Zabaletak ere partida bat gehiago irabazten badute aukera handiak izango dituzte», aztertu zuen.

Bera eta Ander Imaz ere oso antzeko egoeran daude; puntu bakarra behar dute mugarri gisa jarri dituen zazpi puntuak lortzeko. «Argi dago partida guztiak oso gogorrak direla –Irribarria-Jaunarena, Altuna III.a-Martija eta Elezkano II.a-Rezustaren aurkakoak dira jokatzeke dituzten partidak– eta puntu hori ahalik azkarren lortuta, hobe. Hortik aparte, nire ustez behintzat, txapelketa hasieran sinatuko genukeen, hiru partidaren faltan, bat irabazita finalerdietan sartzea. Kontuan izan behar da txapelketa zein zaila izaten ari den, ze bikote gogorrak dauden, eta puntu bakoitza lortzea asko kostatzen da. Hiru partida geratzen dira eta bat irabaziz gero, nik uste aukera handiak izango ditugula».

Hobekuntza puntu bihurtu

Larunbatean parean izango dituzten Irribarria eta Jaunarenak ere zazpi puntu horietan jarri dute jomuga, baina horretarako geratzen zaizkien hiru partidak irabazi beharko lituzkete –Olaizola II.a-Imaz-en aurkakoaren ondoren Victor-Albisu eta Altuna III.a-Martijaren aurka jokatu beharko dute– eta, hala ere, posible da nahikoa ez izatea, aurkari zuzenen aurkako averajea ez dutelako batere alde.

Hori bai, Iker Irribarriak oso argi dauka, «matematikek kontrakoa ez dioten bitartean», borrokan jarraitzea beste aukerarik ez zaiela burutik pasatzen. Aramakoak ez zuen Binakakoa ondo hasi, «rodajerik gabe» eta erritmorik gabe hasi zuelako txapelketa. Astetik astera hobeto sentitu da eta gora egin du nabarmen bere jokoak, «baina txapelketan horixe behar da, puntuak» eta nabaritutako hobekuntza hori garaipena lortuta egiaztatu nahiko luke larunbatean, hurrengo ostiralean, Hendaian, beste final bat jokatu ahal izateko.

Aste honetan, aurrekoan Bergaran bezala, Jon Jaunarena izango du bizkartzain, Merino II.aren eskua ez delako osatu.

 

Konpromiso zaila Tafallan

Txapelketako partida bat jokatzeak beti motibazio handia dakarren arren, Iñaki Artola eta Ibai Zabala jakitun dira konpromiso oso zaila jarri diela euren enpresak Tafallan, Mikel Urrutikoetxea eta Untoriaren ordez.

Alegiako pilotariak hilabete eta erdi darama kantxetatik kanpo arazo fisikoak direla eta. Berrizko atzelariak, aldiz, hiru aste daramatza partidarik jokatu gabe, Asegarcek Untoriagatik ordezkatu zuenetik, hain zuzen ere. Gainera, garrantzi handiko partida izango da, titularrek behar-beharrezkoa dute-eta puntua, finalerdietan sartzeko aukerekin jarraitzeko.

«Ez da partida samurra guretzat, aspaldi jokatu barik gaude. Eurek asteroko erritmoa dute eta, gainera, txapelketan behetik gora datorren bikotea dira, gogotsu ikusten dira... badakigu partida zaila dela, baina guk ez dugu ezer galtzeko eta onena ematera etorriko gara, ea zer irteten den», esan zuen Zabalak.J.O.