INFO

Garaipen argia lortu du Realak; berdinketa ona Athleticek

Hobea izan zitekeen, baina oparoa izan da asteburua emakumezkoen euskal futbolarentzat. Nagusitasunez garaitu du Realak Madril (3-0), eta berdinketa ona lortu du Athleticek Atleticoren aurka (2-2).

Garaipen argia lortu du Realak Madrilen aurka. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Bartzelonaren eta Atleticoren aurka azken bi partiduak berdinduta, indartsu iritsi da Reala Madrilen aurkako partidura; horixe da azken emaitzak erakusten duena ere (3-0).

Erabat nagusi izan dira txuri-urdinak neurketa guztian zehar. Segituan hasi dira gol aukerak sortzen, eta Claudia Zornozak 27.nean lehenengoa egin aurretik gertu izan da Nahikari Garcia etxekoak aurreratzeko.

Bigarren zatian lasaiago zelairatu dira donostiarrak, eta ez dute gol aukera argirik sortu lehen minutuetan. 73. minutura arte itxaron behar izan dute bigarrena egiteko; bigarrenez, Claudia Zorroza izan da golegilea.

Sandra Ramajok egin du hirugarrena, 93.ean. Ordurako, bat gutxiagorekin ziren bisitariak; 88. minutuan, bigarren txartel horia ikusi eta gero, aldageletarako bidea hartu du Yasminek.

Athleticen kasuan, berriz, eta ikusitakoak ikusita, ontzat eman daiteke erdietsitako puntua. 7. minuturako egin dute lehen gola bisitariek, Ludmilaren bidez. Kosta egin zaie erreakzionatzea lehoiei eta 26. minutuan iritsi da etxekoen lehenengo gol aukera.

Atleticoko jokalariak, baina, gehiago ziren zelaian eta gertu izan dira 30 eta 32. minutuetan bigarrena egiteko. Ludmila izan da aipatu bi jokaldietan protagonista, baina gola, 33. minutuan, Estherrek egin du.

Maldan gora zuen neurketa Athleticek atsedenaldian. Antza, baina, bestelako bulkada batekin zelairatu dira eta 54. minutua zen Nekanek markagailuko distantziak laburtu dituenean. Ia egin dute zuri-gorriek bigarrena 58.ean, baina huts egin du penalti puntutik Maite Orozek.

Urritu egin dira gol aukerak ondorengo minutuetan, harik eta 72.ean Erika Vazquezek sekulako gola egin duen falta jaurtiketa batean. Gertu egon da Atletico azken minutuetan hirugarrena egitetik, baina zutoinera joan da 83an Mesiren jaurtiketa.