INFO

Erotuak daude tolosar hauek!

Inauteriak maitatzea eragiten dute tolosarrek eta, ohartzerako, festan murgilduta zaude. Akaso beren DNAn daramate, ikertzekoa litzateke hori... Naturala dute txinparta, edozein albiste, detaile, bihurtzen dute ideia borobil. Zaldunitak bisitari asko jaso zituen atzo, tartean Puigdemont eta Altzoko Handia. Bai, dena egun eta leku berean.


«Lasai, ez larritu! Ideia etorriko da!». Eta etortzen da. Eta ona gainera. Halako baieztapenak tolosarren etxeetan inauterietarako aste gutxi (batzuetan egunak) baino ez direnean falta ez dira arraroak. Ideiak biltzeko brainstorming-ak egiten dituzte; egunerokoan begiratu, inguratzen gaituzten pertsonaia, gertaera, albisteetan erreparatu, eta hortxe aukerak! Sarritan gauza sinpleak, «tontoak», baina grazia handikoak. Eta hor dago gakoa. Denok errekonozitzen ditugun parodiak, eszenak… dira. Horrek sortzen ditu konplizitateak, eta bisitaria dena hurbil sentiarazten du bertakoak.

Tolosarrek badute txinparta propioa, hauei lezio gutxi mozorroak pentsatzeko garaian! Eta urtero-urtero joan zaitezke zaldunitaz gozatzera eta urtero-urtero bueltatuko zara etxera irribarrez, barrez. Eta aldiro-aldiro jakin badakizu, beste behin aho zabalik uztea lortuko dutela. «Madarikatuak [zentzu onenean], onak dira gero!».

Historia hankaz gora

Ez bilatu gehiago Puigdemont, president-a ez dago Waterloon milaka euro balio ei dituen txalet batean, eta Oriol Junqueras kartzelatik idazten ari den eskutitzak despistatzeko baino ez dira. Kataluniako bi ordezkariak Tolosan daude, atzo bai behintzat. Herrian hain justu atzo inauguratu zen aireportuan lurra hartu eta eman zuten paseoa. Baten batek poteatzen ikusi zituen, eta Trump-ekin tratu bat edo beste egiten ere bai, baina badakizue, zurrumurruak.

Tolosaldeko aireportuak egun bakarrean Castellokoak urteetan lortu ez dituen bidaiariak mugitu zituen hara eta hona. Haurrez betetako smoking room-ean, pilotua eta tripulazioa puruarekin jo eta fuego. Baita bidaiariak ere. «Erre ahal izateko aitzakia baino ez da izan aireportuaren eraikuntza», azaldu zuen azafatak, hegazkina aireratu baino minutu batzuk lehenago, azken zupadak ematen zituela.

Urriaren 1eko erreferendumean jasotako jipoiez ezer gutxi ikasi dugu. Mesfidati, hautetsontziak atzo ere kalera atera ziren. Eta denen bistan. San Frantziskoko pasealekuaren erdi-erdian. «Langabezia, murrizketak eta prekaritatea edo autogobernua». Horixe aukeratu beharra. Eta Guardia Zibilaren eta militarren erasoak eramangarriagoak egiteko, txorizo pintxo bat. Botoak erosteko trikimailua zela ukatu zuen Ertzaintzak… «Vascuencea zertxobait» ikasi duen guardia zibil batek badugula erabakitzeko eskubide nahikoa. «Ezkontzeko eta dibortzioa eskatzeko. Zer gehiago nahi duzue, ba?».

Zaldunitak mundua hankaz gora jartzen du, eta Historia bera nahasi egiten du. Hainbat mendez aldendurik dauden pertsonaiak batu egiten ditu, are gehiago, biderkatu. Puigdemont eta Altzoko Handia une eta leku berean ikusi ahal izango genituenik pentsaezina zen; are gehiago bi Migel Joakin Eleizegi ikustea! Hori bai, bata bizirik, udaletxeko atarian bere bi metro oso pasatxo erakusten; bestea zendutakoa, haren hezurrak «Londresetik ekarri berri, Euskal Herrian bira egiteko». «Come and see Altzoko Andiya!». Argazkia egin baino lehen badaezpada, abixua, 100 euro irudiak ateratzeagatik. «Badakizu, irudi eskubideak»…

Herrian gertatzen zen guztia bertatik bertara jarraitu zuten Mari Carmen, Paco eta Alfonsitok. Benidormeko jubilatuek lehen lerroa hartu zuten parodia guztietan. Hozkailua eta aulkiak aldean, erreumaz betetako lasterketatxoak eginez lortu zuten jende artean lekua egitea, batzuen haserrerako (egia borobila). Udaltzainaren mehatxuek ezer gutxirako balio zuten. «Hemen ezin dela 07.00ak baino lehen eguzkitakoa ireki, señora!».

Jubilatuekin pazientzia bai, inork baino presa handiagoa dutelako, baina udaltzainaren isuna adarjotzeekin pipertzen denarentzat, arren. Hau zaldunita da.