Ezkurdiak eta Zabaletak zapore onarekin amaitu dute ligaxka
Aspekoek partida txukuna egin dute eta 22-12 menderatu dituzte Laso eta Albisu Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Finalerdietarako sailkatuta egon arren, Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak oso serio hartu dute final-laurdenetako azken partida. Bi nafarrek oso neurketa serioa jokatu dute Labriten eta oso erraz menderatu dituzte finalerdi horietatik kanpo dauden Laso eta Albisu.
Gorriek askoz ere indartsuago ekin diote demari, eta konturatzerako 7-0 aurreratu dira. Atzean Zabaletak aise menderatzen zuen hasiera pattala izan duen Jon Ander Albisu, eta aurrean Ezkurdiak bikain baliatu ditu bere aukerak tantoa amaitzeko.
Albisu apur bat zuzendu denean, urdinek markagailuan inguratzea lortu dute (10-6), eta ordura arte oso azkarra zihoan neurketa gehiago berdindu da. Laso gazteak ere tanto batzuk egitea lortu du tarte horretan, Labriteko ikusleen gozamenerako.
Baina parekotasunak ez du luze iraun, eta gorriek berriz ere ihes egin dute bigarren zatian beste sei tantoko partzial batekin (16-6). Azken txanpa horretan Ezkurdiak tanto ederrak egin ditu –12 jokoan guztira, eta beste bat sakez–, eta Zabaletak ere egin ditu beste pare bat atzean.
«Sentsazio onekin amaitu nahi genuen ligaxka hau, eta lortu dugu. Uste dut partida ona egin dugula biok, eta pozik goaz horregatik», aipatu du Joseba Ezkurdiak partida amaieran.