INFO

Remirezen senideek izandako istripua salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Etxeratek

Alfredo Remirez euskal preso politikoaren senideek izandako auto istripuaren aurrean elkarretaratzeak deitu ditu Etxeratek Amurrio, Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostian. «Alfredoren lagun eta senideak, beste ehunka euskal preso politikoren senide eta lagun bezala, ez ziren Zaragoza eta Logroñoko inguruko errepide horietan ibili behar».

Senideak onik atera ziren arren, kotxea bertan utzi behar izan zuten. (@ErreHarriaLibre)

Alfredo Remirez presoaren senideek pairatutako auto istripua salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Etxeratek Amurrion eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gaur, 19:00etan Amurrioko plazan elkartuko dira eta 20:00etan, Iruñean, PPren egoitza aurrean. Bihar, 19:00etan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eta 19:30ean Bilboko Arriaga Plazan. Astezkenean, aldiz, 19:00etan Donostiako udaletxearen aurrean.

Darocako espetxean preso dagoen euskal preso politikoaren senide eta lagunek ezbeharra jaso zuten atzo iluntzean, bisita egin ostean. Urrunketak 2018an eragindako bigarren ezbeharra izan da honako hau. Urrunketa eta dispertsio politika martxan jarri zenetik 400 istripu baino gehiago izan direla salatu du Etxeratek.

«Alfredoren lagun eta senideak, beste ehunka euskal preso politikoren senide eta lagun bezala, ez ziren Zaragoza eta Logroñoko inguruko errepide horietan ibili behar». Bost lagun zihoazen kotxean istripua Logroño parean suertatu zenean. Autoak orein baten aurka jo zuen. Zorionez ez zuten zauri larririk sufritu bidaiariek, baina autoa bertan utziz, Euskal Herrira itzuli behar izan zuten taxi batean.

Orain arte Basauriko presondegian zegoen, baina joan zen astean Darocara urrundu zuten. Atzo lehenbiziko bisita egin zioten Darocan senide eta lagunek eta espetxetik bueltan pairatu zuten ezbeharra.