Bakaiku ere, udalerri independentista izendatua
Aurrez Diman, Larrabetzun eta Arrankudiaga-Zollon egin den bezalaxe, Bakaikuko Udalean ere onartu dute udalerri independentista izendatzeko mozioa.
Independentistak Sareak jakinarazi duenez, otsailaren 7an egin zen Bakaikuko Udalean sareko kideek aurkeztutako mozioa eta aho batez onartu zuten Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria.
«Bakaikuarrok oso arduratuta gaude gure herriaren etorkizunarekin. Demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu, herritar guztiok herri libre batean zoriontsu izateko aukera izan dezagun. Euskal Herriak bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabaki dezan, burujabetza oso izan behar duela uste dugu, eta burujabetza osoa gauzatzeko modu eraginkorrena estatu independendientea eratzea dela», zioen Bakaikuko Independentistak Sareko kideek aurkeztutako mozioak.
Azpimarratzen zutenez, bakaikuarrek «behin eta berriro» erakutsi dute beraien borondatea eta, horregatik, Udalari eskatu zioten herritarren hitza kontuan hartu eta adierazitako norabidean pausoak eman ditzala.
Sakanako udalerri honetan ere egin zuten, 2016ko azaroaren 27an, Gure Esku Dagok bultzatutako estatus politikoari buruzko herri galdeketa.
«Euskal Herri independiente bateko herritarra izan nahi duzu?» izan zen bakaikuarrei egin zitzaien galdera eta %80,4ak baiezkoaren alde egin zuen. Parte-hartzea %65,3koa izan zen.
Bakaiku bezala, Arrankudiaga-Zollo, Dima eta Larrabetzu ere udalerri independentista dira dagoeneko.