INFO

Hizkuntza burujabetzan aurrera egiteko manifestazioa eginen dute Iruñean martxoaren 24ean

Martxoaren 24an euskararen normalizazioan «jauzi egiteko» eta «burujabetza» eskuratzeko aldarria egin asmoz, mobilizazioa deitu du Euskal Herrian Euskarazek Iruñean. «Euskararen berreskurapena eta normalizazioa» azkartu beharra dago nabarmendu dute.

Manifestazioa deitu du Euskal Herrian Euskarazek Iruñean, martxoaren 24rako. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

«Euskarari eta euskal herritarroi ezartzen zaizkigun mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzera goazela aldarrikatzeko» manifestazioa deitu du Euskal Herrian Euskarazek Iruñean martxoaren 24rako. Autobus geltoki zaharretik abiatuko da.

Nafar hiriburuan gaur egin duten agerraldian azaldu dutenez, hizkuntza «burujabetza» dute helburu, eta horretarako «euskararen berreskurapena eta normalizazioa» azkartu beharra dago. Bide horretan, euskararen «ezagutza unibertsalizatu» egin behar da eta erabilera sustatzko plan estrategiko nazional bat ezinbestekoa da.

«Burujabetza Euskal Herriko biztanleok zein nolako hizkunta-politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko» beharrezkoa dela azpimarratu dute. Kontra, aldiz, «oraindik ere, euskara zulo beltzera itzularazi nahi duten indarrak» daudela nabarmendu dute eta euskaraz «normaltasunez» bizi ahal izateko «hamaika ahalegin» beharrezkoak direla ekarri dute gogora.

Honen aurrean, «ezin dugula erabaki zein nolako etorkizuna eman nahi diogun euskarari» gogoratu dute eta frantziar zein espainiar estatuak euskal hizkuntzaren «berreskurapen eta normalizazio osoa» gerta dadin ez daudela prest salatu dute.

Hau dela-eta, «euskaraz bizi ahal ziateko aukerak sortu eta sortutakoak hautatzearen» garrantzia nabarmendu dute. Horretarako «euskaldunon grina eta ekimena ezinbestekoa» dela berretsi dute eta hilaren 24rako mobilizazioan parte hartzearen garrantzia helarazi. «Desobedientzia ariketa erraldoia egiteko unea dugu».