INFO

Metro Bilbaok omenaldia egingo dio Forgesi matxismoaren kontrako binetak berreskuratuz

Martxoaren 8arekin bat etorriz, Metro Bilbao eta JA! Elkarteak bat egin dute eta zendu berri den  Forges umorista grafikoaren matxismoaren kontrako binetak berreskuratu dituzte metroaren instalazioetan erakusgai jartzeko.

Vinetas de Forges en el metro. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Martxoaren 8tik aurrera 13 panelez osatutako erakusketa bat egongo da Abando, Moyua eta San Mames geltokietan, «Metroz metro, matxismoari vade retro» izenburupean. Metro Bilbao eta JA! Elkarteak bat egin dute eta zendu berri den  Forges umorista grafikoaren matxismoaren kontrako binetak berreskuratu dituzte metroaren instalazioetan erakusgai jartzeko.

Bineta hauek 2014ko urrian erakusgai egon ziren panelak hartu dituzte barne. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Metro Bilbaok aukera eman nahi izan die bezeroei artista bikain honen lanaz berriz gozatzeko. Orduko hartan Forges Bilbora etorri zen Ja! Bilbao jaialdian parte hartzeko eta Abandoko erakusketa inauguratu zuen. Metro Bilbaok bereziki oroitu nahi izan du egun hori eta Forges bera Metro Bilbaoren ohorezko liburua sinatzen ari zen unean egindako argazki bat ere gehitu du erakusketan.

Orduan Forgesek onartu zuen erraza dela matxismoa ikuspegi umoristikoaren bidez lantzea, «oso logikoa eta zentzuzkoa baita, ezin da beste inondik hartu». Gogoratu zuen, umorez, «duela urte batzuk, matxistek beren matxistadak egiten zituztenean, sudurra urdin jartzen zitzaiela». Eta gizonei gomendatu zien goizetan ispiluan begiratzeko, «batzuek beste batzuek baino urdinago izango dugu eta sudurra».