Emakumeek planto, ingurua mugi dadin
Emakumeen Nazioarteko Egunean greba feminista izango da Euskal Herrian eta munduan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak planto egitera deitu ditu emakumeak eta enpleguan, ikasketetan, etxeko lanetan, zaintzan eta kontsumoan izan nahi du eragina grebak. Mobilizazioak ere asko eta askotarikoak izango dira gaur.
Heldu da hitzordua, gaur Emakumeen Nazioarteko Egunean, 1.609.810 emakume greba eta mobilizazioetan parte hartzera deituta daude Euskal Herrian. Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, emakumeek hiriak eta herriak okupatuko dituzte gaur, gurean aurrekaririk ez duen Greba Feminista egikarituz.
Mundu mailako deialdia da gainera gaurkoa. Bereziki Hego Amerikan gorpuzten joan den protesten jarraipena da greba deialdia. Izan ere, iazko Martxoaren 8an indarkeria matxistaren aurkako ‘Ni una menos’ kanpainaren baitan emakumeen lanuzte jendetsuak egin ziren. Aurten, deialdia indartuz herrialde anitzetara iritsi da emakumeek plantoa egiteko egitasmoa.
Gurean, Euskal Herriko gehiengo sindikalak bultzatuta, bi lanuzte nagusi egongo dira egunean zehar. 11.00etatik 15.00ak arte goizean, eta 18.00etatik 22.00etara arratsaldean. CGT-k eta CNT-k, ostera, greba orokorra egitera deitzen ditu emakumeak eta CCOO eta UGT-k aldiz, lau ordutara mugatzen du deialdia, bi ordu goizean eta beste bi arratsaldean.
Nolanahi ere, enpleguaren greba planto egunaren ardatz bat besterik ez da izango, hezkuntza, kontsumoa eta zaintza ere geldiaraztea baita ere mugimendu feministaren jomuga. Eguneko aldarrikapen nagusiak ere lau esparru horietan kokatuko dira.
Diruz ordaindutako enpleguaren alorrean, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala nabarmena da. Euskal Herrian eta urtean bataz beste, emakumezkoek gizonezkoek baino 7.500 euro gutxiago irabazten dute eta prekarietate tasa handiagoak pairatzen dituzte, hala nabarmendu zuten bederen ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaiak eta Hiru sindikatuak joan den astean egindako agerraldian. Sexuaren araberako lan banaketa ere mahai gainean jarriko dute gaurko protesta egunean.
Etxeko txikienen zein aiton amonen zaintza emakumeen esku gelditzen da bereziki, bai eta etxeko lanen ehuneko handiena ere. Egungo sistema ekonomikoak zaintza lanak alboratu eta ikusezinak bihurtzen ditu. Gaurko egunean zaintza lanei bizkarra ematea proposatzen du mugimendu feministak. Eta haiei muzin egin ezinean dauden emakumeei ere sinbolikoki bat egitea galdegiten zaie, amantala etxeko leihoan zintzilikatuz edota besoko more bat soinean eramanda.
Hezkuntza alorrean ere nabarituko da mobilizazio eguna. Irakasleak ez ezik, ikasleak ere ikasketa greba egitera deituak daude gaur, genero rolak eta estereotipoak birproduzitzen dituen hezkuntza sistema eraldatzeko.
Kontsumoa ere bada planto eguneko ardatza. Egunean zehar ez kontsumitzeko deia luzatu du mugimendu feministak, bereziki emakumeen gorputzak kontsumorako objektu bihurtuz eta salmentarako erabiltzen dituzten saltoki handietan. Kontsumo grebarena, gainera, herritar guztientzako eskaera da.
Mobilizazioak nonahi
Lanuzteez gainera, goizetik gauerako planteamenduak egin ditu mugimendu feministak Euskal Herri luze zabalean. Hemen hiriburuetako deialdiak bildu ditugu.
Baionan, 12.00etan grebalarien bazkaria egingo dute Herriko Etxearen aitzinean, bazkaria eta edaria etxetik ekartzeko eskatu dute antolatzaileek. 18.00etan aldiz, elkarretaratzea egingo dute bertan eta 18.30ean talde feminista guztiek deituriko manifestazioa eginen dute.
Bilbon, 20.00etan izango da eguneko hitzordu nagusia. Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da manifestaldia, aurretik, ostera, hamaika ekimen izango da Bizkaiko hiriburuan. Tartean, bi kalejira feminista, herri bazkari bat edota ekimen ezberdinak La Bolsa aretoan.
Donostian ere, egun osoko egitaraua dago antolatua. 11.45ean etxeko langileen elkarretaratzea dago Udaletxe aurrean eta ondoren eserialdi bat egindo da Boulevardean. Iluntzean, 20.00etan Boulevardean ere batuko dira hiriko txoko ezberdinetatik datozen zutabeak eta batera ekingo diote eguneko azken hitzorduari.
Gasteizen, goizeko 7.00etatik abitatuko dute planto eguna, kaleak eta plazak dekoratzeko hitzorduak baitaude auzoz auzo. 9.45etan propaganda banaketa egingo dute Desamparadasen eta 11.00etan, aldiz, Bilbo plazara mugituko dira informazioa banatzera. Eguerdian izango da hitzordua nagusia, eserialdi batekin. Ilunzean aldiz, 20.00etan eta San Anton plazatik irtengo da manifestaldia.
Iruñean Martxoaren 8arekin batera abiatuko dituzte mobilizazioak, izan ere, gaueko 12.00etan ekingo diote egunari kazerolada batekin. 8.00etatik aurrera pikete informatiboak eginen dituzte eta eguerdian ekitaldi politikoa izango da. Eguneko hitzordu nagusia, 20.00etan izango da Gaztelu Plazatik aterako da orduan manifestazioa.
Gurean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu du greba hau, baina herri eta hiri bakoitzak hartu du eguna eta antolakuntza kudeatzeko ardura, herriz herri eta auzoz auzo dauden emakume talde, mugimendu, eta erakundeen atxikimenaduarekin.