INFO

Merkataritza gune handientzat mugak nahi ditu EH Bilduk

Donostia inguruan 180.000 metro koadro hartzen dituzte merkatal gune handiek gaur egun. Epe laburrean, abian dauden handitzeak eta irekierek aurrera eginez gero, bikoiztu egingo da eremua. Hauen eta denda txikien oreka hauskorra dela ohartarazi du koalizioak; eztabaida eta neurriak proposatu ditu.

EH Bilduko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. (EH Bildu)

Azken hamar urteetan 557 denda txikik ateak behin betiko itxi dituzte Donostian, eta joera orokorra izan da Gipuzkoako beste hainbat eta hainbat herrietan. Denda txiki berriak ireki dira, bai, baina nabari handiagoa da ixten dutenen proportzioa. Ez dira garai errazak betiko dendarientzat, internet bidez egiten diren salerosketei, merkatal gune handien biderkatzea gehitzen zaie.

Egoerak okerrera egin duela ikusita, eta mahai gainean dauden proiektu berriak aintzat hartuta, Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Pasaia, Oiartzun, Donostia, Lasarte-Oria, Hernani, Andoain, eta Usurbilgo alkate eta hautetsiek agerraldia egin dute eguerdian hausnarketa plazaratu eta hainbat proposamen egiteko.

Lehena, Lakua egiten ari den Lurralde Arloko plan berrian 2004an merkataritza gune handiei ezarri zitzaizkien mugak berreskuratzea. Bestetik, araudi berria onartzen den bitartean moratoria ezartzea; alegia, guneak zabaldu edo handitzeko baimen berririk ez ematea. Tarte horretan, udaletxeetako indarrak bildu eta hausnarketa eta eztabaida abian jartzea ezinbesteko jotzen dute. Dendariek zein hauek ordezkatzen dituzten elkarteek kezka eta ardura ugari helarazten dizkiotela baieztatu dute. «Denda txikiak desagartzean, auzoa pixkanaka hil egiten da. Ez ditugu lotarako bakarrik diren bizitokiak nahi», adierazi du Amaia Almirall Donostiako Udalean EH Bilduko bozeramaileak.

Merkatal gune berriak

Gipuzkoako ekialdean dagoen gune konzentrazioa oso adierazgarria da: Txingudi, Lintzirin, Urbil, Garbera, Illunbe, Belartza… 180.000 metro koadro hauek ia 400.000 izatera pasako dira hurrengo proiektuek aurrera eginez gero: Zaldunbordan (Gaintxurizketa inguruan) outlet berria irekitzeko asmoa dago, eta 40.000 metro koadroko azalera izango du. Garbera zabaldu egingo da, eta Illunbe eta Belartza 2 gehituz, 100.000 metro koadro gehiago izango dira hiriburuan. Teresategi eta Michelin, Lasarte-Orian, 37.000 metro koadro berri izango dira, beste hainbeste Urbil handitzen bada. «Donostialdea, de facto, korridore komertzial bilakatuko litzateke», kritikatu dute hautetsiek.

Eztabaida Gasteizeko parlamentuan ere jaso nahi dute, baita kaltetuak diren EAEko herrietan ere, joera globala delako.