INFO

ELAk eta LABek martxoaren 17ko pentsio duinen aldeko mobilizazioekin bat egin dute

Pentsio erreformen aurka mobilizazioak izanen dira larunbat honetan, eta ELA eta LAB sindikatuek «mobilizazio soziala ezinbestekoa» dela defendatu eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Pentsioen inguruko eztabaidaren erroan «aberastasunaren banaketa» salatu dute.

Mobilizazio jendetsuak egin dituzte pentsiodunek. Irudian, Bilbon egindakoa. (ARGAZKI PRESS)

ELA martxoaren 17an pentsio erreformen aurka deitu diren mobilizazioetan izango da, eta bere militanteei dei egin die parte har dezaten. «Aurrera egiteko borondate politikoa behartzea beste modurik ez dago, mobilizazio soziala ezinbestekoa da», adierazi du ohar baten bitartez.

Sindikatuak pentsioen inguruko eztabaidaren erroan «aberastasunaren banaketa» dagoela azpimarratu du. «Eta, noski, gure jendartean dugun aberastasun mailak pentsioak hobetzeko aukera ematen digu», gehitu du.

Zentzu horretan, «zeharo lotuta» ikusten ditu sindikatuak soldatak eta pentsio duinak. «Europar Batzordeak berak hipokrisia handiz esaten du "soldata urriei pentsio urriak dagozkie". Ez du esaten berak gomendatu dituela lan erreformak, zeintzuk lan baldintza negargarriak ezartzen dituzten, batik bat kontratu berriak egiten direnean», gaineratu du

ELAk pentsio erreformen aurkako borroka luzea ekarri du gogora. «2011n greba orokorra deitu genuen erretiratzeko adina 67 urteraino atzeratu izana eta pentsio berriei ezarritako murrizketa salatzeko. Erabakiok Zapaterok, CCOOk, UGTk eta CEOEk hartu zituzten. 2013an beste greba orokor bat deitu genuen, Rajoyk pentsioetan egindako murrizketa berrien aurka».

Orduko pentsio murrizketak «bertan behera» utz ditzatela aldarrikatu du sindikatuak, «erosteko ahalmena berma dadila, erretiro adina 65 urtera itzultzea, eta pentsio berriak hobetzea, batez ere zenbateko txikienen kasuan». Bide beretik, «ezinbesteko» jo du pentsio-sistema Euskal Herrian kudeatzea eta hari buruzko erabakiak bertan hartzea.

LAB ere bai

LABek ere atxikimendua adierazi die larunbateko mobilizazioei eta dei egin dio euskal jendarteari, bereziki pentsiondunei, baita langabetuei ere, «zigor bikoitza jasotzen duten emakumeei eta prekarietatea jasaten duen gazteriari» kalera atera daitezen, «bizi baldintza duinen alde mobilizatzen eta borrokatzen».

Sindikatu abertzaleari «bereziki aipagarria» iruditzen zaio Euskal Herriko Pentsionisten Plataforma 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren, babes eta gizarte segurantza sistema propioaren eta pentsioak KPIren arabera eguneratzearen alde egiten ari den borroka.

Estatu espainolarengandik eta berau babesten dutenengandik «ezin dugu asko itxaron», horregatik LABek uste du beharrezkoa dela «estatus berriak gaitasun arautzaile osoa onar dezala pentsio sistemari dagokionez».

Ildo horretan, gogora ekarri du Pentsionisten Plataformek 71.724 sinaduratik gora aurkeztu zituztela Gasteizko Parlamentuan gutxieneko 1.080 euroko pentsioaren alde, eta 7.600 Nafarroakoan. «Hauek aintzat hartzeko ordua iritsi da», nabarmendu du.