INFO

EAJk ez dauka argi nondik egin «euskal Y»-aren eta Iruñearen arteko lotura

Jeltzaleek ez dute jarrera bateratua AHTren loturari buruz. Arabako agintariek Gasteizetik egin behar dela babesten dute, baina atzo legebiltzar taldeak lotura Ezkiotik izan behar dela nabarmendu zuen.


Badirudi EAJk ez duela argi nondik egin nahi duen Iruñearen eta “euskal Y”-aren arteko lotura. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak lotura hori Arabako hiriburutik egin behar dela babesten dute, baina jeltzaleen legebiltzar taldea ez da iritzi berekoa. Kerman Orbegozo legebiltzarkideak lotura hori Ezkiotik egin behar dela nabarmendu zuen atzo. «Hori da hasieran onartu zena, hori da guk onesten duguna eta bueno, hori da guk behintzat, gaur-gaurkoz babesten dugun jarrera», adierazi zuen atzoko bilkuran.

Bertan, EAJ, PSE eta PPko legebiltzarkideek babestu egin zuten abiadura handiko trenaren proiektua eta uko egin zioten Madrilgo Gobernuak aurkeztutako azkenengo proiektuak gelditzeko eskaerari. Hori eskatzen zuen EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako erdibideko zuzenketak, baina ez zen onartua izan. Bigarren puntuan eskatzen zioten Espainiako Gobernuari «gelditu ditzala Iruñea eta ‘euskal Y’-a eta Gasteiz eta Burgos lotzeko aurkeztu dituen proiektuak, dagoeneko existitzen diren burdinbideak egungo beharretara egokituz». Eta Lakuari eskatzen zioten «lan egin dezala Espainiako Gobernuarekin batera, egungo burdinbideak eraberritzeko, hauen trazaketa moldatuz eta nazioarteko zabalera txertatuz, salgai eta bidaiari garraioko eskaera berriei erantzutea ahalbidetuz».

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zuenez, Sustapen Ministerioak planteatutako proiektuak sekulako eragina izango du Arabako lehen sektorean, eremu naturalean eta ondarean. Eta EAJ, PSE eta PPri dei egin zien «hondamendian sakontzeari eta propaganda merkea egiteari uztera».

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko ordezkariak ere kritikatu egin zituen Madrilgo proiektuak. «Espainiako Gobernuak abiadura handiko trenaren bi lerro berri aurkeztu ditu: batetik Gasteiz-Iruñekoa; eta bestetik Gasteiz-Burgosekoa. Ez bata eta ez bestea ez dira batere beharrezkoak», adierazi zuen.

Bestalde, AHTrik EZ Lautada plataformak elkarretaratzea egin zuen Legebiltzarraren aurrean AHTren aurka. Aritz Albaina plataformaren bozeramaileak proiektu honek eragingo duen sarraski ekonomiko, sozial eta ekologikoa ekiditeko gaur egungo trenbidea modernizatzeko aukera iker dezatela eskatu zien erakundeei. «Modu honetan, Plataformak ere eskatzen duen tren soziala bultzatu daiteke», adierazi zuen.