INFO

Giza kate batek errausketaren aurrean «alternatiba» dagoela aldarrikatu du Donostian

Sindikatuek eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, giza kate batek «alternatiba» dagoela defendatu du Donostiako kaleetan. Gipuzkoako 120 enpresa batzorderen atxikimendua jaso du aldarrikapenak.

Donostian errausketaren aurkako giza katea egin dute. (LAB)

This browser does not support the video element.


Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta sindikatu eta lan munduko hainbat eragilek hondakinen errausketaren eta hauen kudeaketaren inguruko jardunaldi bat antolatu dute gaur, Gipuzkoako ehundik gora enpresa batzorderen atxikimenduarekin. Horrekin batera, giza kate bat egin dute Donostian, Bulebarretik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaraino.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, «hondakinen kudeaketari dagokionez», helburua «hondakinak berrerabiltzea eta bir¡ziklatzea» izan beharko litzatekeela nabarmendu du. «Honen aurkako norabidean doa errauskailua», salatu du.

Errauste plantak «oso eragin kaltegarriak» dituela azpimarratu du Aranburukj: «Gipuzkoarrontzat ondorio ekonomiko larriak izango ditu, eraikuntzan suposatzen duen gastuagatik eta ondorengo mantenuagatik; eragin negatibo oso nabarmenak ditu osasunean eta ingurumenean; eta errauskailu sistema egitea, hondakinen bestelako bilketa sistemen alde ez egiteagatik, lanpostu gutxiago ekarriko ditu».

Egoeraren aurrean, parte hartze prozesu baten aldeko hautua berretsi du sindikatuak: «Herritarren erabakia izan beharko litzateke. Aldundiak erabaki du, inolako prozesu parte hartzailerik gabe, errauste plantaren obrak abian jartzea». 

Gaurko mobilizazioarekin bat egin duten 120 enpresa batzorderen atxikimendua zentzu horretan kokatu da. «Geratzen zaiguna da, berriro ere, mobilizazioen bideari eustea», adierazi du Aranburuk.