INFO

«Mugarik gabeko Euskal Herri euskalduna» aldarrikatu dute Iruñean

Euskarak bultzada jaso du gaur Nafarroan egin den mobilizazioan. Euskal Herrian Euskarazek deituta, «mugarik gabeko Euskal herri euskaldun» bat defendatu dute eta Euskal Herriko erakundeei «kanpo eskuhartzeak gainditzeko» deia egin diete.

This browser does not support the video element.


Eguraldiak lagundu ez arren, ehunka lagun atera dira Iruñeko kaleetara «mugarik gabeko Euskal herri euskaldun» bat aldarrikatzeko. Hiriburutik eta nafar herri ugaritatik iritsi da jendea autobus geltoki zaharrean 17:30ean ezarrita zegoen hitzordura.

Lurralde osoan euskarak ofizialtasuna behar duela defendatuz abiatu dute Gaztelu plazarako bidea. Tartean, «UPN entzun, Nafarroa euskaldun» edo «herri bat, hizkuntza bat» bezalako aldarriak entzun ahal izan dira.

Mobilizazioaren amaieran, espainiar zein frantziar estatuek euskara «bigarren maila batera zokoratu» nahi dutela salatu dute. Zentzu horretan, Euskal Herriko erakundeei «kanpo eskuhartzeak gainditzeko» deia egin diete. «Aukerak badaude», azpimarratu dute.

Horretarako, plan estrategiko nazional bat defendatu dute, «euskara berezkoa, ofiziala, ezagutu beharrekoa izan dadin». Bide horretan, «desobedientzia eta ahalduntzeko» beharra helarazi nahi izan diete herritarrei.

«Euskal Herria berreuskalduntzea da euskaltzaleon lanaren iparra», adierazi dute. «Herri gisa eskubidea dugu hori lortzeko normalizazioa azkartzea» lehentasuntzat jo dute. Bide horretan euskararen ezagutza «unibertsalizatea» bultzatu nahi dute. «Eremu funtzional guztietan euskararen erabilera orokortzeko planak indarrean jarri behar ditugu. Horiek guztiak plan estrategiko nazionalaren logikaren pean izango direlarik».

Horri guztiari babes juridiko bat eman asmoz «lege onarpen egokia» indarrean jarrtzea eskatu dute. «Euskara berezko hizkuntza, ofiziala, lehentasunezko eta ezagutu beharrekoa izendatzetik hasita».

Herrialde Katalanetako Plataforma per la Llengua ekimeneko kideak ere izan dira eta «hizkuntza eskubideen alde» egiteko deia egin dute. Antolatzaileen aldetik ere, ez da Kataluniarekiko eta espetxeratutakoekiko elkartasun keinurik falta izan eta gerturatutakoek txalo zaparrada batez erantzun dute.