INFO

Lehen sektore iraunkorrerako pautak eman ditu Etxaldek

Supermerkatua alde batean eta McDonalds parean. Paisaia ironikoa, lehen sektore burujabeari eta elikadura osasuntsuari buruz jarduteko. Nekazariek 2011n abiatu zituzten eztabaidak eta sektorearen garapenerako pautak Etxalderen izenpean argitaratu dituzte.


Tokiko merkatuetarako ekoizten duten mundu mailako laborariek biztanleriaren %70 elikatzen dituzte, eskura dituzten baliabideen %25 «soilik» erabilita. Objektiboak diruditen datuetatik abiaturik, Alazne Intxauspe Bizkaiko EHNE elkarteko kideak Etxalde plataformak helburutzat dituen proposamenak azaldu zituen.

Joan den astean aurkeztu zuten txostena Andoainen, lehen sektoreari eragiten dion gai oro zerrendatuz; bideragarritasuna, merkatu librearen hitzarmenak eta administrazioen erantzukizunak aipatuz. 24 orrialdeko txostenean, behin eta berriz aipatzen dute «jasangarri» hitza, eta batez ere «eskubidea». Guztiok dugulako elikagai osasuntsuak kontsumitzeko eskubidea. Bizkaiko EHNEren eta Iparraldeko ELB Euskal Herriko Laborarien elkarlana izan bada ere, herrialde osoko erakunde eta baserritarrek osaturiko dokumentua dela zehaztu zuen sindikatuko kideak.

«Guk ez dugu nahi nekazaritza ekologikoa, agroekologikoa edo dena delakoa elite batentzat bakarrik izatea, pribilegio izatea, alegia», argitu zuen Intxauspek. «Ezin dugu merkaturatu ekoiztea kostatu zaiguna baino prezio baxuagoan baina, era berean, prezio duina izan behar du herritar ororentzat eta, nola ez, nekazariaren bizi-kalitaterako ere bai». Ameriketako Estatu Batuen adibidea jarri zuen, non aberatsek kalitate oneko elikagaiak eskura ditzaketen, baina ez, diru-sarrera txikiak dituztenek: «Diferentzia hori oso nabarmena da Estatu Batuetan».

Dokumentu honen aurkezpena egiteko unerik egokiena aukeratu dutelakoan daude; izan ere, merkatu librearen hitzarmenaren afera gori-gori dago, batez ere AEBen (TTIP), Kanadaren (CETA) eta Europar Batasunaren artekoa. Afera honetaz, Etxaldek ohartarazi du Ipar Amerikak eta Europak elikaduraren inguruan aurkezten dituzten gidak ez datozela bat. Zer esan nahi du honek? Bada, Kanadan edo AEBetan baimenduta daude hormonen erabilerak –raptopamina kasu– eta zehazten dute horiek erabiltzea oso ohikoa dela ardi, txerri edo hegaztien loditze prozesuetan. Gurean, aldiz, debekatuta daude, munduko beste 160 herrialdetan bezala.

Genetikoki eraldatutako elikagaiei dagokienez, horretan Kanada munduko hiru herrialde garrantzitsuenen artean dago; bertako agintarien arabera, ez omen dago elikagai transgenikoak tradizionalak baino kaltegarriagoak direla dioen ikerketarik. Bide horren ondorio nagusia burujabetza galera eta merkatu kontrolerako tresnen desagertzea da.

Merkatu libre baten kasua irudikatu zuten Etxaldekoek: «Europak okela hormonatuaren gaineko debekua mantentzea lortzen badu, inportazioen kuota nabarmen igoko litzateke». Dena den, eta akordioa erraza izango denik uste ez duten arren, mesfidantza bat sortu dela aitortzen da txostenean, «garbiketa kimikoen onarpenari bideak zabaltzearen inguruan», alajaina.

Duintasuna

«Eusko Jaurlaritzaren apustu nagusia bestelakoa da, gero bakoitzak apaindu dezake, baina uste dut ezin dela ukatu», baieztatu zuen Intxauspek. Hala eta guztiz ere, Nekazaritza Sailarekin harreman zuzena dutela esan zuen eta proposatutako gauzak entzuten dituztela. Gainera, Intxausperen hitzetan, lehen sektorean instalatu nahi duen jende berria «gure ereduarekin bat dator, bestea itogarria delako, eta administrazio publikoek mugimenduren bat egin dute, ez zuten beste erremediorik».

«Landa eremuan garapen bat gertatu behar bada, apustu garbia bizi-osasuna bermatzea da, eta hori banatzaile handiek jartzen dituzten prezioetan egitea zaila da; askotan produkzio kostuaren azpitik saltzera behartuta egoten dira nekazariak». Adibide hori kate baten hasiera besterik ez da eta Intxauspe hausnarketaren beharraz mintzo zen; «frutategi batzuetan ikus daitezke Valentzian ekoitzitako elikagaien eta hemengoen arteko aldeak eta, nola liteke hori?».

Gizartea galderak egitera bultzatu nahi du; izan ere, ez da logikoa kanpotik datorren produktu bat merkeagoa izatea; «non dago tranpa?». Nekazaritza-ustiategietan lanean diharduten langileen eskubideak errespetatzen diren ala ez galdetu behar da, zein baldintzatan dauden, zein diru-laguntza jasotzen duen hori posible izateko, eta abar. «Argi dago banatzailea eta enpresa bera ez direla galtzen irtengo», nabarmendu zuen.

«Kostuen azpitik saltzera derrigortu bazaituzte, noski jarriko dutela saltokietan letxuga 40 zentimotan, eta baserritar hori eskala handian produzitzera derrigortua egongo da bizirauteko, kapitalaren sistemak horretara bultzatu duelako. Amarru bat da». Azpikeria hori ageriago uzteko, adibide hau eman zuen Intxauspek: «Supermerkatu ezagun batek garestiago erosten zuen letxugak estaltzeko plastikoa, elikagaia bera baino».

Argudio, eztabaida eta ondorio guztiek toki berera garamatzate, alegia, kapitalera, eta dirua gehien interesatzen zaien horiengana. Ekoizpen ziklo osoa duina izan dadin, «banatzaileak ere garrantzitsuak direnez» Etxaldek proposamen tinkoa du: %45 ekoizleari, %30 banaketarako eta %25 merkaturatzeko.

Intentsiboaren eraginak

Bestalde, erakunde publikoen asmoa bi sistemak uztartzea da; horrela azaldu zieten azken bileran. Bizkaiko EHNE eta Etxalderen iritziz, ordea, ezinezkoa da nekazaritza industrialaren eta agroekologikoaren elkarbizitza. «Beraiek argudiatzen dute bi ekoizpen abiadurak oso polarizatuta daudela eta beraien helburua batzea da»; Etxalderen dokumentuak dioenez, aldiz, baserritarren funtzioa elikagaien ekoizle eta zerbitzari izatea da, ez industriarentzako lehengai merkeena produzitzea.

Horrekin batera, sinetsarazi diguten topiko bat deuseztatu nahi du Etxaldek. Diotenez, gizartean urte askoan mantendu da nekazaritza industrialak soilik berma dezakeela munduko biztanleria elikatzeko adina janari. Ideia hori baztertze aldera, Intxauspek azaldu zuen zenbat eta industrializazio eta intentsifikazio handiagoa izan, orduan eta kalte handiagoa egiten zaiola bai naturari bai gizakien bizi kalitateari. Zaku honetan sartzen dira, esaterako, lurren desertifikazioa, etnien edo indigenen desplazamenduak, animalia pila bat akabatzea, eta abar.

«Begira Hego Amerikan zer pasatzen den palma-olioarekin. Ez da errespetatzen ziklo naturala, ez ezer. Olio hori ateratzeko palmondoak landatzen dituzte eta industria handiei komeni zaienean mozten dituzte, zuhaitz horien bizi prozesuari erreparatu gabe». Horrekin erabat loturik doa negozioa eta dirua. Txanpon soinuarekin itsuturik daudenez, ez dira egokitzen naturaren logikara, «naturak logika bat baitauka, eta betidanik errespetatu da baserrietan. Gizartea moldatu behar da horretara, eta ez alderantziz».

Erosketa publikoak

Aldarrikapen hauek eta proposamen hauek hitzetatik ekintzetara eraman ahal izateko, munduko errealitateak ezagutaraztea beharrezkotzat jotzen dute, baina pragmatikoak izaki, mugimenduak tokian toki egin behar direla esan zuen Bizkaiko EHNEko bozeramaileak: «Erakunde publikoek sektore osoa babestu behar dute, ez soilik jatorri-deitura jakin bat. Sektorean dagoen arazoa teknikoa baino politikoa da».

Alde horretatik, Etxalderen txostenean agertzen den legez, erosketa publikoek lehen sektorearen garapenean izan dezaketen indarra giltzarri izan daitekeela azpimarratu zuen. Dokumentuan azpimarratzen dute, bost urteko epean, erosketa publiko bidez eskaintzen den elikaduraren %40 tokian tokikoa izan behar dela eta 2027. urterako %55era iritsi behar dela.

 

EIT-n BASERRIAK SALBUESPEN IZATEA eskatu DUTE ENBA eta EHNE Gipuzkoak

Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) egiteko garaia heltzean baserriak salbuespentzat hartzeko eskatu dute ENBA eta EHNE Gipuzkoak. Argudio gisa, ikerketa horrek «begirada urbanoa» daukala eta landa eremuan egon daitekeen errealitatea ez duela aintzat hartzen adierazi dute: «Beste behin, baserritarrak kaltetuak izango gara bidegabeki».

Gipuzkoako EHNE sindikatuaren aburuz, baserriak ez dira etxebizitza soilak, «hamaika funtzio betetzen baitituzte, eta garrantzitsuena herri honentzako elikagaiak ekoiztean datza».

Abereentzako jana gordetzeko biltegiak, tresneria gordetzeko eremuak, abereak babesteko lekuak, egurra gordetzeko txokoak eta beste hainbat zereginetarako erabiltzen diren eremuak dituztela defendatzen dute. Gauzak horrela, EITaren dekretu berriaren zirriborroan zuzenketa batzuk egin zituzten, «arazoari» irtenbideren bat aurkitu nahian.

Sinadura bilketa bat abiatu dutela jakinarazi zuten eta edonor atxiki daitekeela proposamen hauekin ados izanez gero: «Lurzoru urbanizaezinean etxebizitzek ikuskapenik ez egitea, lurzoru urbanizaezinean dauden etxebizitza bat baino gehiagoko eraikinen kasuan bizilagunen arteko adostasunaren arabera erabakitzea eta lurralde mailako irizpide argi bat definitzea».

Ekonomia eta Gizarte Batzordeak gehiago zehazteko eskatuta, apirilaren 12an Lakua eta nekazaritza sindikatu ororen bilera aurreikusten da. A.U.A.