INFO

Hiru merezi eta bakarrarekin itzuli (0-0)

Partida ona osatu du Alavesek Cornellan. Serio aritu dira babazorroak defentsa lanetan, eta aukerak bat bestearen atzetik sortu dituzte. Errematea falta izan zaie, baina; ondorioz, puntu bakarrarekin itzuli behar izan dute. [Neurketaren xehetasunak]

Erasoan zein defentsa lanetan, Laguardia izan da hoberenetariko bat. (@Alaves)

Garrantzitsua, bai, baina zapore gazi-gozokoa. Alavesek Cornellan erdietsitako puntuaz ari gara, gehiago merezi izan baina azkenean bakarra suertatu den puntuaz (0-0). Partida ona osatu dute babazorroek, baina neurketa errematatzea falta izan zaie Abelardoren mutilei.

Elkarri neurria hartzen eman dituzte lehenengo minutuak bi taldeek, baina denborak aurrera egin ahala Espanyol joan da baloiaren jabetzan nagusitasuna hartzen. Ez bata ez bestea ez dira gai izan gol aukera garbiak sortzeko; Alaves izan da lehena horretan, 33. minutuan eta Pinaren jaurtiketa bati esker.

Neurketa atsedenaldira iristear zela sekulako gelditua egin du Pachecok, etxekoen lehen gola saihestuz. Txistuak entzun behar izan dituzte Espanyoleko jokalariek aldagelara bidean zirela.

Bigarren zatian erabat izan da nagusi Alaves. Gertu egon da Ely lehen gola egitetik 46. minutuan bertan, baina bere burukada Pau Lopezek gelditu du. Gertu zebilen goletik Guidetti ere, 73. minutuan baloia sareetara bidali duen arte. Epaileak, baina, baliorik gabe utzi du gola Alaveseko aurrelaria jokoz kanpo zegoelako.

Pedraza, Munir... guztiek izan dute markagailua mugiarazteko aukeraren bat, baina ez da Alavesek hainbeste berezi zuen gol hori iritsi. Azkenean, jaitsiera postuetatik are gehiago urruntzeko balio izango dion puntua besapean itzuli da Alaves Bartzelonatik.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.