INFO

«Terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta, Hernaniko bost gazte zigortu ditu Entzutegi Nazionalak

Espainiar Entzutegi Nazionalak sei hilabetez «elkarbizitzako baloreetan formazioa» egitera zigortu ditu Hernaniko bost gazte, «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta. 2016ko Gudari Egunean egindako ekimen batean «biktimak gutxiestea» egotzi diete.


Hernaniko bost gazte zigortu ditu espainiar Entzutegi Nazionala, Vocentok jakinarazi duenez, «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta. 2016ko Gudari Egunean, bostak adingabekoak zirenean, institutoan egindako ekimen bat dela-eta kondenatu dituzte, bertan «bitimak gutxietxi» egin zituztela argudiatuta.

Sei hilabetez «elkarbizitzako baloreetan formazioa» egin beharko dute gazteek. Epailearen iritziz, beharrezkoa da «haien ekintzen ondorioen inguruan hausnartzea».

Covitek jarri zuen salaketa, hildako bost ETAko militanteri omenaldia egin ziotela adieraziz. Izan ere, Coviteren esanetan, ikasleak dira «delituaren egile materialak». Era berean, irakasleen erantzukizuna aztertzeko eskatu zuen, beren ustez, «delituaren bultzatzaile» direlako instalazioetan mota horretako ekitaldiak antolatzen uzteagatik. «Adin nagusikoen onespenik gabe adingabeek omenaldi hori egin izana ezin da ulertu», esan zuen Covitek. Adin nagusiko horiek nortzuk izan ziren jakin ahal izateko irakasle zein ikasleen deklarazioak biltzea nahi dute. «Gazteak ETAren gorrotoaren diskurtsoaren biktima nagusiak dira eta erradikalizazioaren aurrean zaurgarrienak», eman zuten aditzera.

Zigorra ezartzeko orduan, epaileak «proportzionaltasuna» defendatzen du eta flexibilitatea eskatu, adingabekoak direla kontuan hartuta. Epaiaren aurka ez dago errekurtsoa jartzeko aukerarik . Hala ere, zigorrak ez duela bestelako inolako neurririk azpimarratu du epaileak, «ez inolako jarraipenik ere».