INFO

Biktimen sufrimenduari ahotsa emanez hasi da Baionako Foroa

«Sufrimendu guztiak ulertzeko ariketa xume» gisa eginiko mahai-inguru batekin hasi da ETAren armagabetzearen lehen urtemugaren harira Bake Bideak eta artisauek Baionan antolatutako foroa. Biharko saioan, presoen aferaren gainean jarriko dute arreta.

Biktimen sufrikarioan jarri du arreta Baionako Foroak aurreneko egunean. (Bob EDME)

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak hartu du ‘Armagabetzea eta urte bat geroago: Bilana, erronkak eta perspektibak’ izenburupeko foroaren lehen saioa, ganberako presidentea, Andre Garreta, edo Baionako auzapeza, Jean-Rene Etchegaray, bertan zirela.

ETAren amargabetzearen aurreneko urteurrenaren karietara Bake Bideak eta artisauek antolatutako foroaren lehen saio honetan biktima desberdinak eta haien sufrikariak izan dira protagonista. 250 lagun inguru bildu dira.

GALek hil zuen Xabier Galdeanoren alaba Karmen Galdeanok, ETAk hil zuen Jose Mari Kortaren lagun Jexux Mari Mujikak, Errenteriako alkate Julen Mendoza eta Paue eta Aturri herrietako unibertsitateko irakasle eta Varenne Institutuko presidente den Jean Pierre Massiasek hartu dute hitza ‘Biktimak, sufrikarioak: iraganari aurre egin etorkizuna eraikitzeko’ lemapeko aurreneko saioaren baitan egin den mahai-inguruan.

Antolatzaileen izenean, Mixel Berhokoirigoin bake artisauak hartu du hitza aurrena eta nabarmendu du biktimen auzia ez dela gai periferiko bat. Azpimarratu du «guztion ardura» dela iraganari buruzko irakurketa zorrotza egitea eta sufrimendu guztiak aintzat hartuko dituen bake justu eta iraunkorra eraikitzea.

Justizia trantsizionalean aditu den Massias izan da mahai-inguruan hitza hartu duen lehena, eta gatazkak gainditzeko hiru fase bereizi ditu: «armen amaiera, sufrimendu guztien aitortza eta itxuraz zentzuzkoak diren pertsonak indarkeria ziklo batean murgiltzera eraman dituzten arrazoien analisia». Egiaren batzordeen balioa ere defendatu du.

Julen Mendozak, bere aldetik, keinuen garrantzia azpimarratu du, pauso batek beste ahalbidetu dezakeela azalduz.

Nola Karmen Galdeanok hala Jexux Mari Mujikak beraien bizipenen eta sufrikarioen testigantza eskaini dute ondoren, bertaratutakoen aldetik txalo zaparrada beroa jasoz.

 

Serge Portelli epailearen hitzartzeak itxi du saioa, euskal gizarteari egian eta memorian sakontzeko deia eginez.