Sakandarren sostengua jaso dute Altsasuko gazteen gurasoek
Nafarroako eskualde guztietan barrena abiatu ondoren, Sakanan bertan jaso dute elkartasuna Altsasuko gazteen gurasoek larunbat honetan. Bi auto karabana abiatu dira Ziorditik eta Irurtzundik eta Arbizun egin dute topo.
Arbizura heltzerakoan manifestazioa egin dute kiroldegitik herriko plazaraino, txistularien erritmoan. Martxaren buruan asteotan Nafarroa zeharkatu duen aldarria: Altsasuko taberna batean gertatutako ez dela ‘terrorismoa’ eta justizia nahi dutela. Nafarroan zehar bost etapa egin ondoren, seigarrena etxetik gertu izan dute, Sakanan.
Hasiera batean plazan harrera ekitaldia egitea espero zuten baina eguraldi kaxkarra dela eta ekitaldia Udaletxe barruan egitea erabaki dute.
Txalapartariek eta Oier Lakuntzaren bertsoak jaso dituzte Arbizun elkartutakoek.
— Martxelo Díaz (@MartxeloDiaz) April 7, 2018
Altsasuko gazteei sostengua eta elkartasuna adierazi dieten Sakanako, Goierriko eta Lautadako alkateen izenean, Karmele Marañon Arbizuko alkateak kasu honetan ematen diren bidegabekeriak salatu ditu. «Hartu duen norabidea astakeria da. Berme demokratikorik gabe, kasua epaile naturalari kendu diote, defentsaren frogak ez dira onartzen, errugabetasun presuntziorik ez dago, ‘El Mundo’ egunkariak argazkiak argitaratzen ditu adingabekoak sartuta, Guardia Zibilaren domina duen Carmen Lamela da epailea, desproportzio juridiko itzela dago, ...», gogoratu du Arbizuko alkateak.
Honekin batera hilaren 14an, datorren larunbatean, Iruñean deitu den mobilizazioari joateko deia egin zuen Arbizuko alkateak.
David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidenteak ere Iruñeko manifestazioari joateko gonbitea luzatu zuen.
Auzipetuen gurasoek Sakanan eta Nafarroan jaso duten elkartasuna eskertzeaz gain Euskal Herriko txoko ugaritan jaso duten berotasuna goraipatu dute. «Hitzik gabe utzi gaituzue», nabarmendu dute.
Hilaren 16tik aurrera Auzitegi Nazionalean gerta daitekeenaren aurrean kezkatuak daudela onartu dute. «Beldur gara, baina zuekin indartsu gaude», adierazi dute kartzelaratuak askatzeko eta auzipetu guztiak bakean uzteko aldarria egin aurretik.
Ondoren, auzatea egin dute Arbizuko Udalak eskainita.