INFO

Anoetarekin adiskidetu da Reala (5-0)

Emaitza, behintzat, biribila lortu du Realak Imanol Alguacilek Anoetan zuzentzen zuen lehenengo partiduan: 5-0. Bi neurketa zuzendu ditu oriotarrak eta golik jaso gabe amaitu ditu biak talde txuri-urdinak. [Neurketaren xehetasunak]

Canalesek egin du neurketako lehen gola. (Jon URBE/FOKU)

Emaitzari erreparatuta, bederen, gustora behar lukete Errealeko zaleek beren taldeak etxean 5-0 irabazi duela ikustean. Imanol Alguacil oriotarrak bere lehenengo neurketa zuzendu du Anoetan, eta ezin hobeki atera zaio egin duen planteamendua.

Izan ere, egin du aldaketarekin oriotarrak Eusebiorekin alderatuta, bat nabarmendi: Ruben Pardo hasieratik aritu da, kapitain lanak egiten gainera. Era berean, hasieratik aritu dira ere Kevin Rodrigues, Januzaj eta Canales, besteak beste.

Lehenengo minututik izan da nagusi Reala. Lehenengo minutuan bertan izan du bere lehen gol aukera Januzajek, baina Bonok geratu dio jaurtiketa. 10. minutuan ere gertu egon da belgikarra gola egitetik, baina gutxigatik bada ere kanpora joan da bere jaurtiketa. Gola, baina, minutu bat beranduago iritsi da; Canales izan da golegilea.

Atzera beharrean aurrera jo du talde txuri-urdinak, gol aukerak pilatzen jarraituz. Hector Moreno izan da gola gertu izan duen beste bat, baina ez du ate aurrean bakarrik zenean asmatu. Hala ere, segituan iritsi da Realaren bigarren gola. Bere hirugarren aukeran, eta Ruben Pardoren baloi bat jaso ostean, atezaina gainditu eta ate hutsean egin du gola Januzajek.

2-0 iritsi da neurketa atsedenaldira, baina bigarren zati oparoa zuen aurretik Realak. 64. minutuan Zurutuza zelaira sartu denean aldatu da guztia: 67.ean bertan behera utzi diote gol bat William Joseri; 71.ean egin du Mikel Oyarzabalek bere lehen gola, taldearen hirugarrena; 85.ean egin du bere bigarrena eibartarrak, taldearen laugarrena; eta 88an sartu du Juanmik neurketako azken gola. Adierazgarria zera da, baina, Zurutuzat eman dituela azken hiru golen asistentziak.

Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean, 12. postuan dago Reala, 37 punturekin. Permanentzia ia poltsikoan, hamar puntura ditu Europan jokatzeko txartela ematen duten postuak.

Neurketaren xehetasun guztiak, NAIZen webgune berezian.