INFO
Interview
ANAIZ FUNOSAS (BAKE BIDEA) ETA MIXEL BERHOKOIRIGOIN (BAKEGILEA)
FORO SOZIALAREN ANTOLATZAILEAK

«Gobernuari frogatu diogu gurea lurralde oso baten ekimena dela»

Luhusoko gertariak errepasatuz abiatu da solasaldia. Gaur Baionan ezarriko den armagabetzearen oroigarriak duen balio sinbolikoa aipatuz amaitu da elkarrizketa. Tartean, iraganari eta geroari buruz gogoeta sakon, bizi eta partekatua.


ETAren armagabetzearen urteurrena betetzen dela-eta, gaurko egunari begira jarri genituen Anaiz Funosas eta Mixel Berhokoirigoin. Atzo Biarritzen amaitu zen foroa abiatu aitzin adostu genuen hitzordua. Apirilaren 8ak memoria kolektiboan finkatu zituen agertoki ezagunetatik aparte, herritarren hamaika jarduera aterpetzen duen Baionako Elkarteen Etxean iragan zen solasaldia. Prozesua gizarteak elikatzen duela aldarrikatzeko kokapen zinez aproposa.

Luhusoko gertakariak bakoitzak eremu batetik bizi izan zenituzten. Batak polizia etxean, besteak karrikan. Zer irudi atxikitzen duzue ?

Anaiz Funosas: Abenduaren 16 eta 17 arteko 24 oren horiek ditut gogoan. Zer gertatu zen ongi jakin gabe joan nintzen Luhusora. Badut irudi bat: errugbi jokalariak herriko plazan. Nonbait entrenamendua zeukaten eta polizia operazioaren berri izan eta gero hantxe plantatu ziren. Bitxikeria dirudi baina ene ustez ondo irudikatzen du nola jendea, naturalki, Luhusora hurbildu zen, atxiloketa horiek ez zituelako ulertzen. Ez dut ahazteko, noski, horren ondotik Baionan egin genuen manifan sortu zen giroa. Jendearen aurpegi horiek, amorrua, kezka baina aitzina joateko indarra islatzen zutela. Hor konturatu nintzen lehen aldikoz baietz, piztua zela martxa, abiatzen ginela, eta atzera ezineko desmartxa batean sartuak ginela.

Mixel Berhokoirigoin: Atzo balitz bezala ditut gogoan oren eta egun horiek. Arrastatua izan nintzela, hauxe nuen buruan: gure egitasmoa ez zen gauzatu ahal, baina B plana martxan zen. Denborarekin begiratuta argi dago hordagoa bota genuela. Arriskuak baziren.. Ez bazuen funtzionatzen? Jendarteak, hautetsiek… ez bazuten aurreikusita genuen bezala segida hartzen? Finean, dena erortzen bazen… noiz arte ez genuen berriz aukera bat irabaziko? Bistan da, zalantzak banituen, zer gertatuko zen ala ez, baina horren gainetik beste sentimenduak gailentzen ziren: engaiamendua hartu genuen eta bururaino joan behar genuen desarmatzea irabazteko. Tentsioa eta konfiantza, eta beldur bakarra... huts egiteari.

Gizartearengan konfiantza handia zenuten, baina botere eremua astintzeko adina indar bazela noiz baieztatu zenuten?

M.B: Luhusotik aurrera sentitu dugu bidea zabalik zela, baina Estatuaren aldetik geroago azaleratu ziren seinaleak. Atxiloketatik atera eta Baionako manifestazioaren irudiak ikusi nituenean –aurpegi horiek guztiak, jendetza hori– esan nuen, bai, egiatan, hau gelditzerik ez dago. Une horretan Estatuak ez zuela kontrolatzen desarmatzearen gakoa sentitu nuen. Nire konbikzioak indartu ziren.

A.F: Hautetsiekin hitz eginez, jende anitzekin mintzatuz, konturatu ginen bazela zerbait berri, indartsua... Hala ere, denborak eskaintzen duen perspektibaz, ene ustez jokaldirik finena izan zen martxoaren 16an armagabetzerako epemuga ematea: denok gure arduren aurrean jarri gintuen iragarpenak.

Alta, zuen konfiantza urratzeko moduko ohar ezkorrak zabaldu ziren han-hemenka.

A.F: Noski, dena ez zen baikorra, askok esan zuten ez ginela iritsiko, ez genuela lortuko, zurrumurruak zabaldu zituzten, polizien iturrietatik oharrak ere barreiatu... tronpatu egin ziren.

M.B: Ez genuen baztertu trabak eta probokazioak gertatzea, baina pentsatu genuen data horretara heltzeko denbora oroz eta azkeneko minutura arte behar genuela eragile guzti-guztiekin sarea eta lotura indartu; era berean, Estatuari zeharka eta zuzeneko mezuak pasatu genizkion. Horrela uxatu genituen itzalak. Egun bakoitza garaipena zen. Egun bat gehiago pasa, eta gero eta zailagoa bihurtzen baitzen dena zapuztea, eta ziurtapenak ematen genizkien guztiei: gure ekimena seriosa eta gauzagarria zela azaldu genien, aktore guztiekin partekatua zela, molde onean gauzatuko zela… eta apirilaren 8a heldu zenean ene buruari erran nion: partitura idatzi dugu denon artean, orain kontzertua has dadila.

Gogoratzen duzue nola hasi zenuten eguna? Zein momentu duzue gogoan?

M.B: Ni goizean Herriko Etxean nintzela ekitaldi ofizialerako… orduan sinistu nuen. Negar egin nuen, ez nintzen gauza prentsarekin hitz egiteko. Aurreko egunen presioa erori zen. Jakin nuenean zuloena ondo pasa zela, nazioarteko eragileak hor zirela, orduan lehertu ziren nire emozioak. Arratsean, berriz, batzuekin eta besteekin hitz egiten… sentitu nuen helburua betea zela, are, armagabetzetik harago zerbait gertatu zela.

A.F: Nire momentua izan zen ekitaldia; oholtzatik plaza gainezka ikusi nuenean. Nik hor ezin nituen hitzak atzeman, hain hunkituta nintzen. «Armagabetzea behar da herriarekin eman, herriak nahi eta behar du». Askotan erran genuen esaldi horren froga hor zen. Lortua zen, eta garaile-garaile eskeman gauzatu zen prozesua.

Eta jendez mukuru zen plaza horren aurrean engaiamendu berriak hartu zenituzten foroan aipatu dituzuen biktima zein presoen eremuei begira.

M.B: "Orain presoak" leloa zabaldu zen desarmatzea gauzatu eta berehala. Nolabait interaktibitatea abiatzeko: urrats batek bestea erraztuko duen logikan. Estatuak nahi ez zuena baina ondoren ontzat eman zuena gertatu zen, eta berehala sartu ginen presoen aferan. Armagabetzearen balioa ahal zelako galdu presoen aferan ez bazen indar metatze berri hori ematen. Uztailean euskal delegazio zabala Parisera joan zen eta abenduaren 9an milaka herritar frantziar hiribururat eramateko lanari ekin genion bide batez.

Bidea askatzeko urratsak eman dira, foroan erran duzuenez.

M.B: Desarmatzearen alde lortutako sostengu anitza atxikitzeko eta zabaltzeko lan egin dugu. Hori da foroan eman dugun mezuetako bat: urtebetez egin dugu bide bat; elkarrizketa espazio bat eraiki dugu, Eliseo eta Matignonek onartua... Sinesten dugu Justizia Ministerioa badela prest, oztopoz oztopo, aitzina egiteko. Gure ustez, keinu guztiak bidea libratzeko etorri dira. Urratsak eman dira DPSkin, hurbilketak izan dira (azkeneko biak foroaren bezperan), eta gehiago izanen dira. Legearen errespetuan eginen da, baina ezer gehiago eskatu gabe, urratsak egiteko baldintza hau edo bestea ezarri gabe. Hor gaude.

A.F: Urte honetan bilatzen genuena gertatu da: blokeoa haustea eremu horretan. Frantses Estatua urtebete beranduago beste logika batean dago.

Giroa bada Gobernuarekin eraiki duzuen lan esparruan aitzinago, agian fiteago, joateko?

M.B: Uste dut emeki-emeki eratu dela konfiantza. Ariketa mota berri bat da. Sarerik gabe ari gara, hori bai, ez gara ezer negoziatzen ari baldintzapean, edo ultimatumak jartzen. Ez gara horretan. Eremu horrek funtzionatuko du soilik sortuko duen giroaren eraginez. Ez, ordea, baldintzen trukaketa huts batera mugatzen bagara. Baten urratsa exijentzia bilakatzen da bestearendako. Baina ez da ematen urrats bat beste zerbaiten truk, baizik eta energia emateko elkarrizketa prozesuari, eta bidea oraindik gehiago libratzeko.

A.F: Hala da, bada aitortza bat, zilegitasun aitorpen bat. Euskal Herriak erakutsi dio frantses Gobernamendu horri azken sei urte hauetan garatu ditugun gogoeta, lan estiloa, errespetua.. denon ondarea dela. Horrek indar posizio bat eman digu, baina horretaz gain Gobernuaren aurrean zilegitasuna irabazi dugu.

Foroa gizarte eta bake eragileen arteko uztarri da?

A.F: Premiazkoa da guretzat etengabeko kontraste hori. Baina delegazioko kide bezala errango nuke behar genuela bilana egin, konpartitu egin dugun lana… Are, kontuak emateko beharra sentitzen genuen. Prozesuak badu bere diskrezio maila, baina behar dira momentuak azalpenak emateko.

M.B: Luhuso gertatu balitz basamortu batean ez zen gertatuko, aitzinetik lan egin zelako gertatu zen. Apirilaren 8ko izpiritua biziarazi eta hazi behar da. Horretarako balio behar du azkeneko foro honek, ene idurikoz.

Foroa joan da, baina desarmatzearen oroigarri iraunkorra izanen da gaurdanik. Zeresan handia eman duen eskultura bati buruz azkeneko gogoeta.

A.F: Eraikitzen ari garen historia partekatuaren sinbolo gisa hartzen dut “Arbolaren egia”.

M.B: Trantsizioan gaude: iragana ez dugu ahantzi, baina elkartasunetik, aniztasunetik eta, behar denean baita konfrontazio demokratikoaren bidez ere, gure herria nahi dugu eraiki. Hori adierazten du enetako gaur inauguratuko den eskulturak. Aizkora erori da, zaindu eta lagundu dezagun hazten arbola den herria.