Errausketaren aurkako elkarretaratzeak deitu dituzte apirilaren 18rako anbulategietan
Apirilaren 18an, 19:00etan, elkarretaratzeak deitu ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako anbulategietan. ‘Osasuna bermatu, erraustegia gelditu lemapean’ osasuna «bermatzea» eta «prebentzio printzipioa ezarri dadila» aldarrikatuko dute.
Erraustegiaren inguruko azken albisteek gizartearen «ezinegona handitu» egin dutela adierazi Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta horren aurrean elkarretaratzeak deitu ditu Gipuzkoako anbulategietan datorren apirilaren 18an, 19:00etan, ‘Osasuna bermatu, erraustegia gelditu’ lemapean.
«Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean». Zentzu horretan, gogora ekarri dute Anbereseko erraustegiaren leherketa eta AEBetan eta Sardinian kiskali zirenak ere. «Hauek denak erraustegien ondoan bizitzearen arriskuak agerian utzi zituzten », gaineratu dute.
Era berean, CSIC-eko ikerlariek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren azterketa izan dute hizpide eta «12 sustantzia toxiko oso larri mugagabe eta kontrolik gabe isurtzea» baimendua dutela. «Gipuzkoarroi hau izkutatzea oso larria iruditzen zaigu».
Egoera honen aurrean, Zubietako obren «berealako geldialdia» eta frogatuak dauden «alternatiba merke eta osasuntsuen ezarketa» aldarrikatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. «Exijitzen dugu gure osasuna bermatzea eta prebentzio printzipioa ezarri dadila, hala nola, eztabaida publiko eta tekniko bat Eitb-n, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz», adierazi dute.