INFO

Udalak Hormigones Vascos enpresari emandako «mesede tratua» salatu du EH Bilduk

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ere Bilboko Udalaren «pasibitatea» aipatu duela sententzia batean aipatu du EH Bilduk eta Peñascaleko zementu fabrika eraistea eskatu du.

Hormigones Vascos enpresaren fabrika eraistea eskatu du EH Bilduk.

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren Bilboko bozeramaileak Udalak Hormigones Vascos enpresari emandako «mesede tratua» salatu du ohar batean. Gogoratu duenez, enpresa horrek Peñascal inguruan duen fabrika 2011 urtean eraitsi behar zuten, baina gaur egun bertan jarraitzen du.

«Zazpi urte igaro dira eta enpresak zutik jarraitzen du. Gogoratu behar dugu Supersurrerako eraiki zela. Azpiegitura horien lanak bukatu ziren eta, horrekin batera, fabrikak zeukan lizentzia», gogoratu du Ibaibarriagak.

EH Bilduk denbora darama enpresa horren arau ez betetzeak salatzen eta Udal Gobernuak horren aurrean izandako jarrera. Udal Gobernuaren «pasibotasuna» agerikoa izan dela nabarmendu du eta Justiziak ere jarrera hori kritikatu duela esan du sententzia baten bitartez.

«Orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Udalaren jarrera kritikatu du, bere pasibotasuna azpimarratuz eta enpresarekin izandako gehiegizko tolerantzia agerian utziz. Sententzia horrek argi uzten du udal gobernuak ardura gutxiz jokatu duela», azpimarratu du EH Bilduren Bilboko bozeramaileak.

Nahiz eta 2017ko bukaeran Asier Abaunza zinegotziak esan urtea bukatu baino lehen fabrika eraitsi behar zela, EH Bilduk egiaztatu du ez dela hori egin eta fabrikak bertan jarraitzen du.

«Fabrika modu subsidiarioan eraitsi behar dute eta Udalak zenbait enpresekin daukan mesede-tratuak bukatu behar dira», gaineratu du Ibaibarriagak.