Ekaitz Sirvent Mont de Marsaneko kartzelara gerturatu dute
Ekaitz Sirvent euskal presoa Mont de Marsaneko espetxera gerturatu dute, familiak baieztatu duenez. Zarauztarra Tarasconen zegoen eta azken hiru asteak Reau-ko kartzelan egin ditu.
Ekaitz Sirvent presoa Mont de Marsaneko kartzelan dago atzotik, bere familiak baieztatu duenez. Zarauztarra Tarasconeko espetxean zegoen, Euskal Herritik 750 kilometrora, eta azken hiru asteak Reau-ko presondegian pasa ditu. Atzo arratsaldean iritsi zen Mont de Marsanera.
2009ko apirilean atxilotu zuen Polizia frantsesak Sirvent Parisko Montparnasse geltokian, eta espetxeratu egin zuten, ETAko kide izatea leporatuta.
2013ko abenduan epaitu zuten Parisen Ainhoa Ozaetarekin batera eta 18 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Preso zarauztarrarekin, hamar dira dagoeneko Estatu frantsesak Lannemezan eta Mont de Marsaneko kartzeletara gerturatu dituen euskal presoak. Azken biak, Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia, joan zen astean lekualdatu zituzten.
Lehen biak Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren. Saint Maur eta Osnyko kartzeletatik Mont-de-Marsanera lekualdatu zituzten otsailaren bukaeran. Martxoaren hasieran, berriz, beste hiru preso lekualdatu zituzten: Josu Urbieta azpeitiarra, Raul Aduna gasteiztarra eta Jon Salaberria donostiarra. Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonneko kartzelan (550 kilometrora) aurkitzen ziren eta Salaberria, aldiz, Alençongo espetxean (830 kilometrora).
Era berean, martxoaren amaieran, Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal preso politikoak Lannemezaneko espetxera gerturatu zituzten. Biak SaintMaur-eko kartzelan zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora.
Salaberria eta Mendizabal dagoeneko aske geratu dira.