INFO

Jokoteknia, bideojokoei buruzko jardunaldia euskaraz maiatzaren 12an Alhondigan

Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldia maiatzaren 12an, larunbata, ospatuko da Alhondigan.

Jokotekniaren aurkezpen prentsaurrekoa.

Jokoteknia, Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldia maiatzaren 12an ospatuko da Azkuna Zentroan. Jardunaldi honen helburua, bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da.

Lehenengo edizio honetan, Jokotekniako antolatzaileek euskal bideojoko industriaren aditu, ikasle eta jokalariak elkartuko dituzte, egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egiteko eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko.

Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten ere saiatuko dira.

Jokoteknia jardunaldian parte hartzeko honako hauek gonbidatu dituzte: Iker Álvarez Castellanos [Pokemon, Japonia], Txus Ordorika, Cristian Rodriguez Landeira [Euskal Encounter], Carlos Coronado Muñoz [Pantumaca], Julen Zaballa García eta DigiPeneko Arantzazu Martinez Ugarte, Laura Barrenengoa Clemente eta Andoni Alonso Lizarralde.

Halaber, egitasmoaren arduradunek jokoteknia.eus webgunea garatu dute eta bertan, egitaraua, hizlariei eta jardunaldiari buruzko informazio interesgarria zintzilikatu da.

Jokotekniaren lehenengo edizioa, maiatzaren 12an, larunbata, goizeko 09.00etatik 14.00ak arte, Azkuna Zentroko Bastida aretoan burutuko da. Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak elkarlanean antolatutako jardunaldia da eta CodeSyntax-en eta DigiPen-en laguntza izan dute prestaketa lanetan.