INFO

Manifestazioa Zornotzan, ama izan eta kaleratu nahi duten emakumearekin elkartasunez

Bi hilabete dira Zornotzako Talde Feminista ama izateagatik kaleratu nahi duten emakume baten egoera salatzen diharduela. ‘Sinesten zaitugu’ kanpaina abiatuta, emakumeari babesa adierazteko manifestazioa egin dute larunbat honetan. 300 pertsona inguru bildu dira bertan.

300 lagun inguru elkartu dira, antolatzaileen esanetan, manifestazioa. (NAIZ.EUS)

«Langile honek emakume izateagatik jasandako erasoak salatu ditu», azaldu dute manifestazio amaieran, «emakumeok, ama ez izateko aukera dugun bezala, izateko aukera ere badugu; zoritxarrez, ama izan nahi duten emakumeak zigortu egiten dira lan munduan».

Zornotzako Talde Feministaren arabera, ez da kasu isolatu bat: «Amatasunak ez luke arazo izan beharko jendartean eta kasu honetan mundu laboralean, profesionalki garatzeko edo jarduteko».

Egoera honen aurrean, «nazkatuta» eta «haserre» daudela salatu dute. «Badira diskriminazio hauek zigortzen dituzten legeak, baina borondate faltagatik ez gaituzte babesten, eta ondorioz bigarren mailako herritar eta langile garela adierazten digute». Salaketa hau izebergaren punta dela gaineratu dute, esanez «hainbat» direla amatasunarekin lotuta jaso dituzten diskriminazioen testigantzak, «gehiegi».

Edozein kasutan, salaketa jarri duen emakumeari «sinesten zaitugu» adierazi nahi izan diote: «Zure borroka emakume guztion eskubideen defentsa da». Mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute, eta hauetan parte hartzera deitu dute: «Argi izan dezatela, ez dugu emakumeon aurkako erasorik onartuko».