INFO

Politika egiteko beste modu bat, aldarri Errazkin eta Intxaurrandietaren aldeko elkartasun ekitaldian

«Ez digute barkatzen erabakiak hartzea, gauzak beste modu batera egiten ausartzea». Hala adierazi dute EH Bilduko kideek Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietarekiko elkartasunez egin duten ekitaldian. «Urtebete baino ez da geratzen foru Gobernura bueltatzeko», gaineratu dute.

Azpeitiko plazan egin dute ekitaldia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Elkartasun keinu zabala jaso dute Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietak Azpeitian, EH Bilduk eskainita. Asteon deklaratu dute Madrilgo Kontu Auzitegian, EAJ eta PSE-ren salaketaren ondorioz. 46 milioi euro eskatzen dizkiete erraustegia geratzeagatik sortutako kalte-ordainak direla-eta.

Marian Beitialarrangoitia Madrilen koalizioaren diputatu dena izan da hitza hartzen lehena. «Ez digute barkatzen erabakiak hartzea. Gauzak beste modu batera egiten ausartzea ez digute barkatzen», salatu du.

Beitialarrangoitiaren arabera, koalizioak ez ditu «gutxi batzuen» interesak defendatzen: «Ez dugu eskua poltsikoan sartzen, herritarren interesak defendatzen ditugu». Gaineratu du koalizio kide guztiak direla Errazkin eta Intxaurrandietak hartutako erabakien parte.

Maddalen Iriarte koalizioak Gasteizko Legebiltzarrean duen eledunak ere egin du bere hitzartzea ekitaldian. Gogoratu du urte bete baino ez dela geratzen «foru Gobernura bueltatzeko. Eta politika beste modu batera egingo dugu, pertsonen duintasuna zainduz».

«Orain geratzea atzera egitea da. Dagoenari eustea ez da aukera bat. Herri honetan eta bere geroan sinesten duten guztiei bide hau elkarrekin egiteko deia egiten diegu», aldarrikatu du Iriartek.

Txalo zaparrada sentitu batekin amaitu da ekitaldia.