INFO

«Nósaltres Prest!», Galiza, Katalunia eta Euskal Herria bat

«Nósaltres Prest!» izenpean, erabakitzeko eskubidearen aldeko elkartasun eguna antolatu du biharko Gure Esku Dagok Lizarran.  Ikuskizunak, herri bazkaria edota Glaukoma, Auxili eta Sés galiziar kantautorearen kontzertua izango dira tartean.


Euskal Herria, Galiza eta herrialde Katalanetik etorritako eragile desberdinek bat egin eta beren herrien kultura partekatzeko aukera izango dute bihar Lizarran, bertan ospatuko den Nósaltres Prest! jaialdian.

Goizeko 11.00tatik aitzina erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko adin eta publiko ororentzako ekintzak izango dira egun osoan zehar.

Santiago plazan talde kulturalen elkarretaratze batekin abiatuko da egitaraua; eta plaza horretan ere haur jolasak eta aurpegi margoketa eginen dira goiz osoan zehar. Ondoren Lizarrako kaleetan zehar kalejira bat eginen da eta honen amaier,an goizeko ekitaldi nagusia izango da Foru Plazan.

Eguerdi partean, pintxo-potea izango da talde kulturalen emanaldiekin girotua, eta ostean, 14.30etan herri bazkaria egingo da. Arratsaldean umeentzako puzgarriak eta dantza herrikoiak izango dira protagonista, bai eta Lizarra kantuz ere.

Eguna bukatzeko, Lizarrako pilotalekuan, protagonista diren hiru herrialdeetatik etorritako Sés, Auxili eta Glaukoma taldeen kontzertuak izango dira. Dj. Elepunto-k itxiko du eguneko kartela.

Lan handia egin dute Lizarraldean Nósaltres Prest! jaialdia antolatzeko. Herritarrak girotzeko egindako abestia eta bideoklipa horren lekuko da.