Olaizola II.ak erraz menderatu du Albisu Labriten (22-7)
Goizuetarra askoz gehiago izan da Iruñean eta Beñat Rezustaren aurka neurtuko da final-laurdenetan, Buruz Buruko Txapelketan jokatuko duen 50. partidan.
Aimar Olaizolak aurreko astean 20 urte bete zituen profesional mailan, eta datorren ostiralean Bergaran Buruz Buruko Txapelketan bere 50. partida jokatuko du Beñat Rezustaren aurka, inoiz lehiaketan inork jokatu duen kopuru handiena alde handiarekin. Goizuetarrak erraz menderatu du Iruñeko Labrit pilotalekuan Jon Ander Albisu (22-7) eta arazorik gabe eskuratu du final-laurdenak jokatzeko txartela.
Hasiera ona eman dio norgehiagokari atzelari ataundarrak. Astean zehar aurreratu zuen bezala, ausart ekin dio demari eta 2-5 aurreratzea lortu du markagailuan. Dena irten zaio ongi lehen txanpa horretan: txokoan bihurritutako pilota bat, sakez egindako beste tanto bat, ormabikoa eskapadaz…
Baina Albisuk zabalera bidalitako pilota batek sakea eman dio Aimarri, eta hortxe hasi da nafarraren erakustaldia. Pilota bikain gurutzatuz min egin dio aurkariari eta tantoak bata bestearen atzetik erori dira bere alde. Guztira 11 izan dira goizuetarrak jokoan eginak, beste lau ere bai sakez, baina Albisuk berak ere komeni baino opari gehiago egin dizkio. Seguraski hortxe egon da beste gakoetako bat: ataundarrak zazpi pilota argi galdu dituen bitartean, Aimarrek bakar bat ere ez du galdu.
Azkenean, 159 pilotakada eta 33 minuturen ostean, Olaizolak garaipen argia lortu du. «Gustora amaitu dut. Eskubiz pilota ongi atzeratu dut, sakearekin ere asmatu dut… Helburua irabaztea zen, baina gaur pozik geratu naiz jokoarekin ere», namarmendu du Olaizola II.ak partida amaieran.
Albisuk, berriz, triste bukatu du norgehiagoka: «Sentsazio txarrak izan dira, dantzan ibili nau. Gozatu beharreko hiruzpalau pilota eduki ditut eta ez dut asmatu. Jotzea da nire doai onena eta horretan ez badut asmatzen… Argi ikusi da bion artean dagoen aldea, baina uste dut ez dudala nire benetako maila eman gaur».