Bertsoak eta atsotitzak bat
Larunbatean izango da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren 25. edizioa. Bertsoak eta atsotitzak oinarri ditu AEK-ren lehiaketa honek.
Sopelako Esaera Zaharren Txapelketak 25 urte beteko ditu aurten. Bertsoak eta atsotitzak oinarri dituen lehiaketaren antolatzailea AEK da eta aurtengoa edizioa datorren larunbatean, hilaren 28an, ospatuko da. Izen emateko azken eguna ostera, gaur da.
Bi saio izango ditu larunbateko ekitaldiak. Lehen fasea, goizean izango da eta herrian zehar jarraitu ahalko da. Bigarrena, aldiz, finalerdiak eta finala, arratsaldez ospatuko da herri-bazkariaren ostean eta Sopelako Ander Deuna ikastolan izango da.
Txapelketan taldeka hartzen da parte, 2,3 edo 4 kidez osatutako taldeetan zehazki. Eta bertsoak entzun eta bertso horiek zein esaerari dagozkion asmatzea da gakoa. Goizean zehar entzungo diren bertsoak Algortako Bertso Eskolarenak izango dira. Arratsaldean, ostera, Oihane Enbeita eta Amets Arzallus arituko dira bertsotan.
Bertsoak eta esaerak lotu ahala, puntuak pilatzen doaz taldeak. Lehiaketan erabiliko diren atsotitzak zerrenda batean daude eta aurretiaz ikasteko aukera dago. Txapelketan ostera, lehiakideek ez dute zerrenda eskuragarri izango. Atsotitz horietako bat, haatik, ez da benetakoa eta hura antzematen duten lagunen artean sari bat zozketatuko da ere.
Taldeko kideak 16 urtetik gorakoak izan behar dira eta izen-emateak 10 euro balio du taldeko. Herri bazkariko txartelak aldiz 17 euro balio du pertsonako. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, klikatu hemen.