INFO

Ezkurdiak txiki utzi du Irribarria (22-9)

Arbizukoak partida borobila egin du markagailuaren aurka jokatzen jakin ez duen goierritarraren aurka eta lehen aldiz jokatuko ditu Buruz Buruko finalerdiak.

Ezkurdiak ez dio aukerarik eman Irribarriari (Andoni CANELLADA/FOKU)

Joseba Ezkurdiak ez du bere joko bolada izugarria amaitzeko inolako asmorik eta Buruz Burukoan ere onenen artean egoteko gai dela erakutsi du Iker Irribarria, iazko txapeldunordea, 22-9 menperatuta.

Lehiaketa prestatzen hilabeteak zeramatzan aramarra zen askorentzat faborito, dirua ere doblean irten da bere alde, baina uste baino lan gutxiago eman dio Binakako txapeldunari. Eta hori, gipuzkoarra markagailuan aurretik izan dela, 1-3 eta baita 3-6 ere. Hori bai, pilotakada latzen bat jo duen arren, hasieratik ikusi da Irribarriak ez zuela beste egunetako kolpe distiratsurik eta tantorik gehienak erremate zailen bidez lortu ditu.

Joseba Ezkurdiak bai, hasiera-hasieratik bere jokorik onena erakutsi du eta laster eman dio buelta markagailuari. Saketik hasita, min handia egin dio arerioari eta, errematearen bila konfiantzaz joanda, erantzunik gabe utzi du Irribarria.

Goierritarra, aldiz, galtzaile aritu da, hein handi batean, jokoaren ekimena une oro Ezkurdiarena izan delako eta ez dagoelako ohituta atzetik jokatzen. Izan dituen aukera urrietan ere, sakearekin ez da batere fin ibili aramarra eta porrot mingarri bat jaso du