INFO

Manu Aizpurua, Hendaiako mediku ezaguna, mendi istripuz hil da Pirinioetan

Manu Aizpurua Sarasola, 58 urteko oreretarra, joan den asteburuan hil zen Pirinioetan. Gipuzkoan sortu arren, aspalditik Hendaian bizi zen eta bertan ezaguna zen oso, mediku gisa jarduten baitzuen. Beste lagun batekin bi eguneko zeharkaldia egitera joan zen Pic du Midi aldera. Larunbat iluntzean Pombieko aterpera bueltan zihoala, nonbait elurrarekin irrist egin eta Bious-Artigueseko aintzirarantz erori eta bertan hil egin zen. Bihar eta etzi Hendaiako belategian izanen da bere gorpua.


Istripua joan den larunbat iluntzean gertatu zen Pic du Midin. Bezperatik Manu Aizpurua oreretarra beste lagun batekin batera zeharkaldia egiten ari ziren Pirinioetako paraje ezagun horretan ezbeharra gertatu zenean.

Larunbat iluntzean, Pombieko aterpe aldera jaisten ari zirela, nonbait elurrarekin lerratu eta amildegiratu egin zen, Bious-Artigueseko aintzira aldera.

Oloron-Sainte-Marieko jendarmeriako kideek jardun zuten 58 urteko mendizalea xerkatzeko lanetan. Gauerdian arroila batean hilik atzeman zuten.

Oreretakoa sortzez, Manu Aizpurua Sarasola aspalditik bizi zen Hendaian. Familia medikua zen, eta azken urteotan Ihiltoki osasun zentroan jardun zuen.

Errautsak, larunbatean

Hendaiako belategian, Autoport karrikan, izanen da bere gorpua asteazkenera arte. Heldu den larunbatean, 11.00etan, haren errautsak itsasora botako dituzte, Sokoburun.