INFO

Emakume futbolariek matxismoaren ostikadak geldiarazteko exijitzen dute

Hego Amerikako emakume futbolariek matxismoak beren eguneroko jarduerari eta kirolaren garapenari jartzen dizkien oztopoak salatu dituzte, Txilen jokatu berri den Amerika Kopa baliatuz. Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan jokatzen dute trebeenek eta beren herrietara eraman dute bertako esperientzia.


Matxismoak emakumea gizona baino gutxiago dela uste du, entziklopediek diotenez, eta jarrera hori indartsuagoa da Hego Amerikako futbolean, Txilen jokatu berri den Emakumeen Amerika Kopako futbolariek salatu dutenez. Beste alorretan eremurik aurrerakoiena den kontinenteak emaitza kaskarrak eskaintzen ditu emakumeen giza eskubideei dagokienez, eta futbolaren munduan arazo hori areagotu egiten da.

Matxismoa da Hego Amerikako emakume futbolarien garapena oztopatzen duen hesia, beren ahalegina ezkutuan edukitzen duena. Ingelesek asmatutako kirolaren inguruan pasioa sentitzen dute bertan, baina emakumeek ez dute ezagutzen gizonezkoen futbolean nagusi den milioi festa. Ezta hedabideetako histeriarik ere. Errespetua eskatzen diote Hego Amerikako zaleari, emakumeek baloia oinetan dutenean zein indartsu diren oraindik ezagutzen ez duen horri.

«Gure jarduera asko zailtzen du pentsamendu matxistak. Horixe da guk garaitu beharreko arerioa», esan zion France-Presse agentziari Estefania Banini Argentinako selekzioko 10. zenbakiak. Washington Spirit taldean aritzen da Banini, AEBetako NWSL National Women’s Soccer League prestigiotsuan, herrialde hartako futbol profesionaleko lehiaketarik garrantzitsuenean alegia. Ameriketako Estatu Batuetan ikasi duena kontuan hartuta, hegoamerikarrei eskatzen die «aurreiritziak alde batera utzi eta kirol batean ari garela uler dezaten, ez gizonen edo emakumeen gauza batean».

Erika futbolari brasildarrak munduko talderik indartsuenean jokatzen du gaur egun, Paris Saint Germainen hain zuzen ere. Aurrera ateratzeko egunero borrokan aritu beharra dagoela uste du: «Pixkanaka emakumeon futbola pizten ari da, bere espazio propioaren bila ari da, aspaldi egon beharko genukeen lekuan egoteko, baina, tamalez, aurreiritzien eraginez, gure kirolak arazoak ditu hazteko».

Matxismoa bazter guztietan aurkitzen dute, aurrean duten lanaren neurria emanez. Argentinako futbolariek aurreko astean salatu zuten beren selekzioaren kamiseta berria aurkezteko modelo bat eraman zutela, kirolariak eraman beharrean, gizonen arropa aurkezteko selekzioko futbolariak eramaten dituztenean. «Eta emakumeen selekzioko jokalariak? Ez al genuen guk geuk aurkeztu behar kamiseta berria? Lotsagarria!», salatu zuen Twitter sare sozialaren bitartez Laurina Oliveros atezain argentinarrak.

Talentu handiari esker eta Marta handia bezalako jokalariekin (bera da munduko txapelketetan gol gehien sartu dituen aurrelaria), Brasilgo canarinha izan zen emakumeen futbolaren inguruan zegoen ezaxolakeria hankaz gora bota zuen lehenengoa.

Zortzitik zazpi

Brasilgo selekzioak zazpi aldiz irabazi du Amerika Kopa eta 2007ko Munduko Txapelketan finalera iritsi zen. Meninas deitzen dieten neskek zaleen bihotzetan lekutxoa egin zuten eta behin baino gehiagotan gizonezkoen futbolari hedabideetako lehengo orria kentzera iritsi dira. Oso gutxi dirudi futbola erlijio den kontinentean, baina beste herrialdeek egin nahi luketen bidearen hasieratzat har daiteke. Kolonbian sortu den liga profesionalak eta AEBetako zein Europako taldeek fitxatu dituzten Hego Amerikako futbolariek gainerako jokalariak inspiratzen dituzte, etorkizun hobearekin amets egitera animatzen dituzte.

Edonola ere, futbola «gizonen kontua» dela entzuten hazi diren neskek beharrezkoa duten aldaketa askoz ere sakonagoa da. «Aitatxo askok ez die beren alabei futbolean egiten uzten gizonezkoen kirola delakoan, gizonena bakarrik, eta horrek aurrera egitea oztopatzen digu», adierazi dio France-Presseri Nubiluz Rangel Medellingo Atletico Nacional taldeko venezuelar atzelariak. Las Chamas ezizenarekin ezaguna den Venezuelako selekzioak oso lan ona egin zuen Amerika Kopako lehen fasean, batez ere Deyna Castellanosen trebeziari esker, baina Argentinak zapuztu zien ametsa, Txilen jokatu den txapelketatik kanpo utzita. Anfitrioiarekin batera, Brasil, Kolonbia eta Argentina aritu ziren azken fasean eta txapela brasildarrek eraman zuten. Ia beti bezala. Gizonen futbolean egiten diren kontratuen milioi mordoa ikusita, emakumeen futboleko izarrek onartzen dute aldea oraindik handia dela, baina errespetua exijitzen dute. Eta federazioei laguntza handiagoa emateko eskatzen diete. «Errealistak izan behar dugu. Gizonen futbolak diru gehiago biltzen du eta hori ulertzen dugu. Guk eskatzen duguna, gure borrokaren xedea, berdintasunezko tratua da, gauzak behar bezala eramatea, txapelketa onak egitea eta merezi dugun lekua izatea», erantsi zuen Baninik. Emakumeen futbolak gizonenak duen antolakuntza eta hedapen maila lortuko balu, neskek ere zale asko eramango lituzkete estadioetara eta orduan posible izango litzateke soldatak parekatzea, hedabideek «Messi femeninoa» deitzen dioten jokalari trebeak adierazi duenez.

Baina egun ez da hori egoera Hego Amerikan. Ohikoa da lantaldeetan egonkortasunik ez izatea, aldaketa gehiegi kudeatu behar izatea, eta nazioartean lehiatzeko dirua eskatzen ibiltzea. Emakumeen taldeak sortzera animatu diren klubek egoera hori bizi dute egunero, eta selekzioak ere ez dira aparte geratzen.

Egin berria den Amerika Kopan bertako telebistak Txileren norgehiagokak baino ez ditu eskaini. Beraz, Catalina Usme kolonbiar izarraren golak, Marta brasildar beteranoaren joko dotorea eta besteen ahaleginak ikusi nahi zituzten zaleek antolatzaileek emandako seinalea baino ez zuten. Edonola ere, Txileko La Roja selekzioak estadioak betetzea lortu zuen eta eskainitako partidatan audientzia handia izan zuen telebistak.

Erikaren helburua da gizonek duten erraztasun bera izatea emakumeek ere, baina beren esentzia galdu gabe, «joko klasikoago bat, lehia handiarekin, baina indarkeriarik gabe».

Baniniren iritziz, protagonistak emakumeak direnean, gauzak sentimenduak kontuan hartuta egiten dira. «Guztiek ez dute futbolarekin dirua irabazteko aukerarik, gizonek izaten dutena, eta horrexegatik da sanoagoa, pasioarengatik jokatzen baita».

 

Brasil eta Txile Munduko Txapelketara, eta Argentinak aukera asko

Brasilgo selekzioak lortu zuen garaipena Emakumeen Amerika Kopan eta datorren urtean frantses Estatuan jokatuko den Emakumeen Munduko Futbol Txapelketarako sailkatzea lortu zuen. Bertara joango da Txile anfitrioia ere, historian lehen aldiz, bigarren postua eskuratuta. Postu hori azken jardunaldian galdu zuen Argentinak, baina oraindik lor dezake txapelketarako txartela CONCACAFeko (Ipar eta Erdialdeko Amerika) lehiaketan laugarren tokian geratzen den selekzioaren aurka jokatu behar baitu kanporaketa erabakigarria.

Brasilen nagusitasunak ez du inor harritu. Amerika Kopak zortzi ekitaldi izan ditu eta zazpitan canarinha izan da garaile (2006ko edizioan Argentinak eraman zuen txapela). Txilen zazpi partida jokatu ditu eta zazpiak irabazi; 31 gol sartu eta 2 besterik ez ditu jaso. Marta izarrak, partida guztiak jokatu arren, ez du golik sartu. Bia Zanerattok, berriz, sei gol sartu du. Vadao selekzionatzaileak egindako lanaren garrantzia nabarmendu du: «Hemen izan diren 22 jokalarietako 11k Brasilen bertan egin genuen hiru hilabeteko lanean esku hartu zuten, eta beste lauk ere lan asko egin zuten han, beranduxeago hasi baziren ere. Eta kanpoan jokatzen dutenak ere FIFA egunetan etorri ziren. Dena oso ondo atera zaigu».

Erregulartasuna izan da Txile txapeldunordearen dohain aipatuena. Partida bakoitzeko baldintzetara egokitzen jakin du eta hirutan irabazi du eta beste hirutan berdindu. Txapeldunaren aurka galdu egin zuen. Partida garrantzitsuena Argentinaren aurka jokatu zuten etxekoek, estadioa lepo eginda. 4-0 eta La Roja bigarren postuan. Eta datorren urteko Munduko Txapelketan. «Jokalarien iraunkortasuna nabarmendu beharra dago. Azkenera arte ekin behar geniola esan genuen eta azkenean ametsa bete egin da. Futbolariak hunkituta daude. Baita taldea bera ere. Ez da Munduko Txapelketa irabazita lortzen den emozio bera. Zuetako askok ezagutzen ez duzuen emozioa da», esan zien kazetariei Jose Letelier entrenatzaileak.