INFO

13.689 boto gehiago irabazi ditu erabakitzeko eskubideak

189.000 dira jadanik Euskal Herriaren etorkizun politikoaz hitza hartzeko mobilizatu diren herritarrak. 13.689 boto gehiago izan dira gaur –zentsoaren %14,83– Araba, Bizkaia eta Nafarroako 22 udalerrietan egin diren herri galdeketetan. «Merezi izan du», adierazi dute Gure Esku Dago mugimenduko kideek.

Bi emakume, Donezteben bozkatzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Merezi izan du». Hala adierazi dute Gure Esku Dago mugimenduko kideek igande honetan Araba, Bizkaia eta Nafarroako 22 udalerritan ospatu diren galdeketen parte hartzeak aztertu ostean.

13.689 izan dira gaur erabakitzeko eskubidearen alde mobilizatu direnak, hautetsontzietara deituak zeuden artean %14,81a. Orotara, baina, 189.000 dira jadanik Euskal Herriaren etorkizunaz hitza hartu duten herritarrak.

Esparru berrietara iristea zen Gure Esku Dagoren aurtengo helburu nagusietako bat eta, gaurko galdeketak kontuan hartuta, Euskal Herriko biztanleen herena bizi den eremuetara iritsi da dagoeneko mugimenduak bultzatutako galdeketen olatua: «Soziologikoki anitzak diren eremuetan, tokian tokiko egoerara egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu herritarrok».

Gaurkoak aintzat hartuta, 202 dira etorkizun politikoaren inguruan galdeketak egin dituzten herriak. Datorrena Oteitza izango da, datorren igandean, eta hurrengo olatua azaroaren 18an iritsiko da; Donostia eta Irunen bozkatuko dute, besteak beste.

Ikasturte amaierako ekitaldiei dagokionez, maiatzaren 19an Iruñean hitzordua dutela gogoratu dute Gure Esku Dagoko kideek, giza-armarria egin asmo baitute bertan. Bestalde, ekainaren 10ean erabakiaren bidean «mugarri» bat jartzeko «determinazioa» eskatu dute Zelai Nikolas eta Josu Etxaburu mugimenduaren eledunek: «Elkarrekin ziklo berri bat zabaltzera goaz eta guztion artean irudikatu behar dugu etorkizunean nahi dugun herria».

Emaitzak

Guztira, 13.689 lagun izan dira botoa ematera hurbildu direnak, zentsoaren %14,83. Horietatik, 13.308 izan dira baiezkoaren alde egin dutenak, 229k ezezko botoa eman dute eta beste 113k zuriz bozkatu dute. 40 boto baliogabe izan dira.

Orain arte botoa eman duten 189.091 pertsonetatik, 181.148k eman dute baiezko botoa eta 5.065ek ezezkoa.

Olatu desberdinetan orain arte egindako herri galdeketa guztien emaitzak NAIZen webgune berezian daude ikusgai.