INFO

Ibon Larrinaga, boxeoan ametsak egia bihurtuz

Bihar Madison Square Garden mitikoan izango da, Michael Conlan irlandarraren kontra indarrak neurtzeko.


Ibon Larrinagak 27 urte ditu eta bi urte bete ziren apirilean profesional mailan boxeatzen hasi zenetik. Bizkaian eta, batez ere, Bilbo inguruan, azken urteetan boxeoak izan duen hazkundearen protagonistetako bat da. Izan ere, Jon Fernandez eta Kerman Lejarragaren ostean, azken bi urteetan AEBetan arituko den hirugarren euskal boxeolaria da.

«Ametsak egia bihurtuz» da sare sozialetan Larrinagak erabiltzen duen leloetako bat eta boxeoaren une goxo honen arrazoiez galdetuta argi ematen du gako nagusia: lana. Orain dela hamarkada bat sinestezina zirudien, «boxeoa kili-kolo» zegoen, baina «nahiz eta hasiera batean aukerarik ez izan, lan eginez hobetzen joan gara». «Orain 8-9 urteko boxeolari berdinak gaude», nabarmendu du. Txutxi del Valle entrenatzailea eta Mampo gimnasioa dira Larrinagaren, Andoni Gagoren eta Lejarragaren ibilbidearen atzean dauden izenetako batzuk.

Larunbat honetan New York hiriko Madison Square Garden-eko ring mitikora igoko da Larri Pura Vida (boxeon erabiltzen duen goitizena). Linares-en eta Lomachenko-ren arteko lehia izango da gaualdiko borroka nagusia, eta Munduko Txapelketa izango da jokoan. Larrinagak Michael Conlan irlandarrarekin neurtuko ditu indarrak. «Futbolean Marakanan edo Anfield-en jokatzearen modukoa da», azaldu du. «Ikur ditugun boxeolari guztiak han egin dira famatu», esan du Larrinagak.

Conlan-en kontra borrokatzeko proposamena jaso zuenean hasiera batean zalantzak izan zituela onartu du, baina borroka Madison Square Garden-en izango zela komentatu ziotenean aukera «hartu eta gozatu» beharra zegoela erabaki zuen. «Garaipen handi bat da Madison ukitzea», azpimarratu du.

Belfasten sortutako boxeolariak urtebete darama profesional mailan, baina 2015ean munduko txapelduna izan zen amateurretan eta brontzezko domina lortu zuen Londresen izan ziren Olinpiar Jokoetan. Etorkizunean munduko txapelduna izan daitekeelakoan dago, bere ibilbidea helburu hori erdiesteko prestatzen ari dira eta irlandar komunitatearen sostengua dauka. Conor McGregor borrokalari famatua da horietako bat. Sei garaipen eskuratu ditu dagoeneko eta bost KOz izan ziren.

Jotzaile gogorra da Conlan eta tentuz boxeatu beharko du Larrinagak. «Aurrera etortzea espero dut eta egiten ez badu, ziur botatzen dituen eskuak gogorrak izango direla», azaldu du. Onartzen du «printzipioz aukera gutxi» dituela garaipena lortzeko, baina iaz WBC Mediterraneo gerrikoa irabazi zuenean emandako ezustekoa ekarri du gogora. Larrinaga Georges Leroy frantziarrari gailendu zitzaion Arroxelan puntutara. «Garaipena lortzera noa, ring batera igotzen naizen guztietan bezala».

Larri Pura Vidak hamaika borrokaldi egin ditu profesional mailan, hamar garaipen lortu ditu, bi KOz, eta porrot bat jaso du. Aritz Pardalen kontra aritu zen 2017 bukaeran eta WBC Mediterraneo gerrikoa galdu zuen. Martxoan egin zuen azken borroka eta Levan Tsiklauri mendean hartu zuen puntuetara.

Ikurrinarekin joango da

Erromoko boxeolariak amateur mailan hasi zenetik zenbait aldarrikapen eraman izan ditu taula gainera. Aurrean izango duen boxeolaria Belfasten jaioa da, Britainia Handiaren administraziopean dagoen Ipar Irlandan. Hala ere, Olinpiar Jokoetan Irlanda hegoaldeko Errepublikarekin lehiatu da eta ikur irlandarrarekin aurkeztu du bere burua. Koloreak hautatzerakoan «erabakitzeko aukera» ematen diotela nabarmendu du Larrinagak eta berak ere New Yorkera ikurrina eramango duela dio. «Nik ikurrina eramaten dut beti leku guztietara», aldarrikatu du.