INFO

Joseba Martin Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide ohia hil da

Joseba Martin Herriko Batasuneko Mahai Nazionaleko kide ohia larunbat arratsaldean hil zen, Arrankudiagako bere etxean, gaixotasun luze baten ondorioz. Joseba Martin Zaballan dagoen Txus Martin presoaren anaia da.

Joseba Martin, Gure Esku Dagok Arrankudiaga-Zollon antolatutako herri galdeketaren egunean. (Juanan RUIZ/FOKU)

Basaurin sortua, bost seme-alaben familia langile batean, oso gaztetatik lotu zen bere herrian eta baita Bizkaian ere pizturik ziren borroka ezberdinetan.

Herri Batasuneko zuzendaritzako kide izan zen. 1995an ETA erakundeak euskal gatazka politikoari irtenbidea ematea xede plazaratu zuen Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik, Mahai Nazionaleko beste kideekin batera, auzipetua izan zen Martin.

Auzitegi Nazionalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zien eta espetxera bidali zituen. Bi urte beranduago, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak berretsitako zigorra eta Mahai Nazionaleko kideak aske atera ziren.

Kartzela atzera utzita, militante bezala jardun zuen Joseba Martinek, bereziki bere bizitokian, Arrankudiagan. Udal taldean zein kultur ekimenetan lan eskerga egin zuen.

Ezker abertzalearen estrategia aldaketari ere egin zion bere ekarpena. Besteak beste, Altsasuko agerraldian parte hartu zuen, ezker abertzaleko hamarnaka ordezkariren artean. Soilik bide demokratikoetatik jarduteko konpromisoa adierazi zen bertan.

Bestalde, erabakitzeko eskubidea ardatz Arrankudiaga-Zollon antolatu zen lehenengo herri kontsultan buru-belarri jardun zuen.

Kataluniako herri kontsultak eredu gisa hartuta, 2014ko azaroaren 2an burutu zen kontsulta Arrankudiaga-Zollon. Hori prestatzeari begira sortu zen Ados plataformaren sortzaileetako bat izan zen Joseba Martin. Ezker abertzaleko zein EAJko alkate izandakoak bat etorri ziren ondotik Etxarri-Aranatzen lehenengo erreplika izan zuen ekimen parte-hartzaile horrekin.

Gure Esku Dago mugimenduarekin jardun zuen geroztik Joseba Martinek. Era berean, oso konpromiso aktiboa izan zuen presoen aldeko mugimenduarekin, lehenik Etxeraten eta azkenaldian Saren bereziki.

Bere anaia, Txus Martin, Zaballako espetxean dago. Anaia bezala gaixotasun larriak dituzten beste presoen askatasuna eskatzeko sorturiko plataformen lana babestu zuen Joseba Martinek. ‘Motxilaren umeak’ dokumentalaren ekoizpenean parte hartu zuen baita ere.