INFO

Akordioa lortu dute EAEko hezkuntza publikoan Lakuak eta LAB, Steilas, CCOO eta UGTk

LAB, Steilas, CCOO eta UGTk eta Lakuako Gobernuak akordioa lortu dute EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren mahaian, irakasleen lan baldintzen inguruan. ELAk ez du sinatu.

Hezkuntza publikoko langileek mobilizazio ugari egin dituzte azken hileotan. (Gorka RUBIO/FOKU)

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, irakasleen mahai sektorialean, akordioa lortu dute LAB, Steilas, CCOO eta UGTk eta Lakuako Gobernuak, LABek jakinarazi duenez. ELAk ez du sinatu.

Akordioak aurreikusten duenez, irakasleen ordezkapenak etapa guztietan lehen egunetik kubrituko dira, gaixotasun bajak ez dira zigortuko eta 60 urtetik gora dituzten karrerako irakasle funtzionarioei lanorduak heren bat murriztuko zaizkie. Haur hezkuntzako 3 urteko geletan plantillak indartzea jasotzen du, hogei ikasletik gorako ratioa bada, eta enpleguaren behin-behinekotasuna %27tik %17ra murrizteko ere hainbat neurri jasotzen dira, hala nola 2020ra arte gutxienez 5.000 lanpostuko enplegu eskaintza publikoa deitzea.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren arabera, akordio «oso ona» da, «ez bakarrik lan baldintzak hobetzen direlako», baizik eta hezkuntza komunitate osoarentzat ere «oso ona» delako.

LABek nabarmendu duenez, «irakasleok burututako elkarretaratze, asanblada, mobilizazio eta greba guztiek» ekarri dute akordioa, eta «kalean ez ezik mahai negoziatzaileetan eta Hezkuntza Sailarekin zuzenean izandako bileretan ere borrokatu dugu».

Akordioak «bi garaipen» dakartza sindikatu horren iritziz: alde batetik, «azken urteotako murrizka latzei buelta ematen hastea»; bestetik, lan hitzarmen berria garatzeko «abiapuntu sendoa». 

Steilaseko Aitor Idigorasek esan duenez, «aurreakordio garrantzitsua da, etorkizuneko negoziazioei bidea markatzen diena.

CCOOren iritziz, akordioa «ona» da «eskubideak berreskuratzen direlako», baina hobetu daitekeela uste du. Azken ordura arte «zalantzan» izan direla adierazi du Pablo Garcia de Vicuña CCOO Irakaskuntzako arduradunak, eta «berrikuntza interesgarriak» dituen arren, borrokan jarraituko dutela ohartarazi du, «eskubide guztiak berreskuratu arte».

UGTko Joseba Ander Muñozek nabarmendu du orain mahai gainean jarri behar direla zintzilik geratu diren gaiak.

ELAren ustez, ordea, akordio honek ez die «hezkuntza publikoak dituen arazo larriei zein langileen aldarrikapenei erantzuten».